Montaubanetik etorritako MER 82 (Memoire de l’Espagne Republicaine) alkarteko 41 kide izan dira Gernika-Lumon, memoria historikoagaz eta erbesteko pasarteakaz dauken lotura estua bertatik bertara berresteko. Bidaia honen helburua Bizkaiko zein Kantabriako gune seinalatuak ezagutzea izan da, eta Gernikak harrera beroa egin deutse.
Ibilbidean zehar, Pipergorri Kultur Alkarteko kideen azalpenak eta harrera jaso dabe. Bisitautako lehen lekua antxinako Ospitale Militarra —egun Gernika BHI denez gain, Memoriagune izendatua— izan da. Ondoren, Labauria plaza, Memoriaren Atea, erdigunea, Paselekuko babeslekuak, Picassoren margolanaren erreplika eta, barik pentsatu, Gernikako Arbola bera be bertatik bertara ikusteko aukera euki dabe, interes handiz galdetuz eta azaldutakoak entzunez.
Erbesteko lekukoak eta transmisinoa
Montauban herria (Toulousetik 35 kilometrora) erreferentzia nagusia da errepublikanoen erbesteko historian, bertan dagoelako lurperatuta Manuel Azaña Bigarren Errepublikako presidentea. Hasiera batean, gerran zein gerraostean Frantziara alde egindako errepublikanoen seme-alabei harrera egiteko sortu zan alkartea, baina gaur egun frankismoaren garaian ihes egindako zein memoria historikoagaz lotura sentitzen daben hainbat kide batzen dauz.
MER 82 alkartearen helburu nagusia Bigarren Errepublika, Gerra Zibila eta ‘La Retirada’ deritzon erbestealdi masiboaren oroimena bizirik mantentzea da. Transmisinoa eta bizipenak belunaldiz belunaldi zabaltzea ezinbestekotzat jotzen dabe, eta bide horretan kokatzen da Euskal Herrira egindako bisita hau be.



