Gautegiz Arteagako Udalak mugarri garrantzitsua jarri dau bere hizkuntza politikan: lehenengoz, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Estrategikoa garatu eta martxan jarri dau VII. plangintzaldiaren (2023-2027) lan-esparruaren barruan.
Erabakia 2026an hartu dau Udalak, herriko administrazioan eta udalerri osoan euskararen erabilerea egituratzeko eta indartzeko helburuaz. Plana osatzeko, lehenik eta behin diagnostiko xehea egin da KEMEN metodologia eta SAREGIN aplikazioa erabilita. Diagnostiko horrek erakutsi dau udal langile eta ordezkari politiko guztien euskara gaitasuna handia dela (% 85) eta herritarrekiko harremanetan euskara dela lehen hizkuntza. Dena dela, orain arte kudeaketa-sistema egituraturik eta plana gidatzeko lidergo tekniko-politiko finkorik ez zegoela ondorioztatu da.
Horrez gain, kaleko zein lan barruko erabilerearen datuak ere aztertu dabez dokumentuan: Gautegiz Arteagako biztanleen % 81,09 euskalduna da, baina kaleko zein etxe barruko erabilereak beheranzko tendentzia erakutsi dau azken urteetan Busturialdean.
Egitura finkatzea eta orain arteko hutsuneak betetzea helburu
Ikuspegi barri honegaz, Udalak erakunde erreferentea izan gura dau euskararen erabileran, herritarren hizkuntza eskubideak modu osoan bermatuz. Plan barriaren bidez hainbat erronka zehatz ezarri dabez 2027ra bitartean betetzeko:
-
Lidergoa eta jarraipena: Alkatea eta idazkari kontu-hartzailea izango dira planaren arduradunak, eta sei hilean behin bilerak egingo dabez ezarritako neurriak betetzen direla ziurtatzeko.
-
Txosten teknikoak eta juridikoak euskaraz: Orain arte arkitekto zein abokatuen txosten batzuk gaztelania hutsean bidaltzen eutsiezan herritarrei; orain baliabideak jarriko dabez dokumentu horiek euskaraz ere izateko.
-
Barne prozedurak eta komunikazioa: Prozedura administratiboak eta xedapen orokorrak euskaraz ere izapidetzeko aukerak aztertu eta inplementatuko dira.
-
Hizkuntza klausulak: Kontratu zein dirulaguntza eta hitzarmen guztietan hizkuntza klausulak ezarri eta horreen betetze-mailaren jarraipena egingo da.
-
Prestakuntza eta tresna informatikoak: Langileen idatzizko gaitasuna eta trebakuntza indartuko dira, eta lan-tresna informatiko guztiak euskaraz erabiltzea sustatuko da.
Plan estrategiko honek 2027ko abendu amaiera arteko iraupena izango dau, eta herritarrei zein elkarteei aurkezpen irekien bidez emango jake honen guztiaren berri.



