Gautegiz Arteagak San Antolin jaiak ospatuko dauz abuztuaren 27tik irailaren 2ra arte

Gautegiz Arteagako Udalak San Antolin 2026 jaietan parte hartzeko eta herriko giroaz gozatzeko deia egin deutsie herritarrei zein inguruko bisitariei. Patrik Saitua Betanzos alkateak azpimarratu dauenez, urteroko hitzordua une berezia da herritarren arteko harremanak sendotzeko, tradizioak bizirik mantentzeko eta herriaren nortasuna erakusteko.

Egitarau zabala prestatu da abuztuaren 27tik irailaren 2ra bitartean. Kultura, musika, kirola eta gastronomia izango dira protagonista nagusiak adin guztiari zuzendutako ekitaldietan. Jaiek belaunaldien arteko topaketa bultzatzea eta tradizioen transmisioa ziurtatzea dabe helburu, betiere errespetuan eta elkartasunean oinarrituta.

Egitarauaren xehetasunak eta egunez eguneko ekitaldiak

  • Abuztuak 27, eguena (Gazte Eguna): Artiako Gazte Asanbladak antolatuta, paella txapelketagaz (10:00-12:30 izen-ematea, 14:00 aurkezpena eta 14:30 sari banaketa) eta txosna irekieragaz emango zaio hasiera egunari. Arratsaldean joku sorpresak, karro poteoa eta Happy hour egongo dira, eta 22:00etan Silitia, Alarma Morea, Laprast erromeria eta Dj Xaukena xauk taldeen kontzertuak izando dira.

  • Abuztuak 28, barikua (Txupinazo Eguna): 19:00etan Artie Dantza Taldearen saioa egongo da eta ostetik txupinazoa botako da. 20:30ean gazteen frontenis finala jokatuko da, eta 22:00etan Sueder eta Txapela Brava taldeek jotze dabe.

  • Abuztuak 29, zapatua (Tabernazarre Eguna): Tortilla txapelketaren txanda izando da (12:00etan izen-emotea, 14:00etan aurkezpena eta 14:30ean sariak). Ostean herri bazkaria egingo da, 18:00etan Dj Dantzatzeko prest egongo da, 20:00etan Mozorro lehiaketa (Ipuin herrikoiak gaia hartuta) eta 22:00etan Dj Markelin.

  • Abuztuak 30, domeka: 12:00etan Sustabiz herri kirolak jokatuko dira eta 16:00etan Goitibera lehiaketa ikusgarria izando da. 17:30ean Mus txapelketa hasiko da eta 21:00etan The Mode Quartet taldearen kontzertua egongo da.

  • Irailak 2, eguaztena (San Antolin eguna): Egun handia txistulariekin baselizara igotzen denean hasiko da 11:00etan. 12:00etan Meza Nagusia izando da eta 14:00etan jaitsiera egingo da. Ostean aparjaia eta Etxebarria Aita Semeak trikitilariak egongo dira. 17:30ean Pilota jaialdia jokatuko da ume zein profesionalekin (Zabala-Morgaetxebarria vs Murua-Aranguren), eta amaitzeko txokolatada egongo da.

Festarako jantzita egoteko, jaietako kamisetak eta zapi ofizialak dagoeneko salgai dagoz Udaletxean. Herritarrek astelehenetik ostiralera bitartean eskuratu ahal dabez, 09:00etatik 14:00etara bitarteko ordutegian.

Alkateak eskerrak emon gura izan deutsez jaiei forma emoteko lanean aritu diren udal langile, elkarte, ostalari eta herritar guztiei. Egitarau osoa kontsultatzeko, bisitatu Gautegiz Arteagako Udalaren webgune ofiziala.