Gautegiz Arteagako EAJ-PNVk agintaldiaren lehen hiru urteetako balantze positiboa egin dau

Gautegiz Arteagako EAJ-PNVk hiru urteko kudeaketaren balantze oso positiboa plazaratu dau. Alderdi jeltzalearen esanetan, azken urteotan eraldaketea, herritarrekiko hurbiltasuna eta hartutako konpromisoak betetzea izan dira nagusi udalerrian, betiere finantza-egonkortasuna arriskuan jarri gabe.

Kudeaketa ekonomiko arduratsu horri esker, herriaren etorkizuna bermatzeko proiektuak eta herritarren eguneroko bizitzea hobetzeko ekimenak buztartu dauzela nabarmendu dabe.

Herriko Plaza barria eta azpiegitura nagusiak

Agintaldi honetako mugarri nagusien artean Herriko Plaza barria dago. Herritarrakaz batera landutako proiektu honi esker, erdigunea espazio irisgarriago, funtzionalago eta atseginago bihurtu da, azken urteetako hiri-berrikuntzari amaiera emanez.

Horrez gain, bide-segurtasunean eta mugikortasunean inbertsio garrantzitsuak egin dira:
  • Auzorik auzoko udal-bideak eta oinezkoen ibilbideak berritu dira.

  • Mendialduan hobekuntzak aurreikusi dabez.

  • Bizkaibusen maiztasunak gehitzea eta markesina barriak jartzea lortu da, herriaren aldarrikapen historiko bati erantzunez.

Zerbitzu publikoak, kirola eta etxebizitza

Bizi-kalitatea hobetzeko helburuagaz, frontoiko aldagelak barriztatu dabez eta kirol-ekipamenduak handitzen jarraituko dabe makina zein espazio barriekin. Bestalde, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) garatzen zabiltza etxebizitza eskuratzea errazteko.

Herritarren entzute aktiboa bultzatzeko, auzoekaz bilerak sendotu dabez, WhatsApp kanal udala martxan jarri dabe, eta kultur zein aisialdi eskaintza indartu dabe gaztelekua, ludoteka eta liburutegi modernizatua sortuz.

Jasangarritasunaren arloan, tokiko komunitate energetikoa bultzatu dabe eta energia berriztagarriak ezarri dabez udal-eraikinetan.

“Plangintza, kudeaketa gaitasuna eta erakundeen arteko lankidetza daudenean, proiektuak aurrera ateratzen dira. Agintaldiaren azken zatiari lan-borondate beragaz egingo dautsegu aurre”, adierazi dabe jeltzaleek.