“Gautegiz Arteagako HAPO 2022an hasieran onartu zan, aho batez”

Gautegiz Arteagako EH Bilduk BFAri HAPOen plangintza berrikusteko eskatu dautso, hori dela eta, Udalak gogorarazi dau 2022ko maiatzaren 13an egindako osoko bilkuran plan hori aho batez onartu zala, hau da, EH Bilduren aldeko botoekaz. Proiektua herritarrei aurkeztu jakezan eta jendaurrean jarri zan, banakako eta taldeko partaidetza-prozesua be egin zan.

“Gautegiz Arteagako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) hasierako onarpena egin eban, honako erispide hauen arabera: garapen iraunkorra, interes publikoaren mende egotea, urigintza-planteamenduaren eskumena, urigintza-antolamenduaren koherentzia eta herritarren parte-hartzea. Testuinguru horretan, plan barriak aurreikusten dau herriko gazteentzat etxebizitza eskuragarriak sortzea, udalerria gure bizilagunen behar barrietara egokitzea eta dinamika demografiko negatiboa etetea. Hasierako onarpena aho batez egin zan 2022an, maiatzaren 13ko osoko bilkuran egozan zinegotzi guztien aldeko botoekaz, EH Bilduko ordezkariek barne. Beraz, ez dogu ulertzen EH Bilduren koherentzia falta, HAPO barriaren alde bozkatu ondoren, orain kritikau egiten dau eta”, azaldu dau Gautegiz Arteagako alkate Patrik Saituak.

HAPOri hasierako onespena emon ondoren, Udalak jente-aurrean jarri eban urigintza-plan barria, interesa zuen edonork konsultau eta ekarpenak egin eizan.

Parte-hartze aktiboa eta informaua sustetako helburuagaz, honako ekintzak antolatu ziran Kultur Etxean: herritarrei edegitako hitzaldi – aurkezpen bat, informazino-ekintza asko ta kontsultak. Aurkezpenean, urigintza-plangintza barria idatzi eban taldeak argi eta erraz azaldu ebazan planaren edukia, haren oinarri dan legeria eta ha izapidetzeko aurreikusitako pausuak.

Herritarrek banaka zein taldeka parte hartu daben informazino- eta partaidetza-prozesu osoan, hogei ekintza baino gehiago egin dira: galdesortak, postontzietan banaketa, mahai-tematikoak (2018-10-29, etxebizitzei eta jarduera ekonomikoei buruzko tailerra), bai eta udal-batzorde informatibo asko be.

Etxebizitza HAPOn

EH Bilduk plana kritikatu dau, bere ustez ez dauelako etxebizitza babestuen aukera aurreikusten eta bizitegi-eredu bat defendatzen dauelako. Horren aurrean Udalak adierazi dau gaur egun izapidetzen ari dan HAPO barriak bizitegi-hazkunde moderatua eta ingurunera egokitutako hainbat tipologiatako etxebizitza-eredua aurreikusten dauzela.

Herriko erdiguneko iparraldean 30 etxebizitza inguru eraikitzea aurreikusten da. Horreez gan, errepide nagusiaren ekialdean eta mendebaldean egin daitezkeen beste 80 be badagoz. Gainera, bi bizitegi-eraikin kolektibo eraikitzeko aukera planteetan da: bata, 22 etxebizitzarako eukieragaz, eta bestea, alkarri-itsatsitako 15 etxebizitzaz osotua. Eremu horretan lankidetza publiko-pribaturako aukera aurreikusten da, udalerriko gazteei etxebizitza prezio merkeetan eskaintzeko.

Aurreikuspen horreekaz batera, Planak dagoen erdigunea sendotzeko eta hobetzeko apustu irmea egiten dau. Lehentasuna emoten deutso etxebizitzak barriztatze eta zaharberritzeari, bai eta ondare arkitektonikoari balioa emoteari be, “Diskriminazino positibo” argia aplikauz, eraikitakoa berreskuratzearen eta optimizatzearen alde, beharrezkoa ez dan hedapena sustau baino lehen. Kanala auzoa da landa-gune gisa mugatutako bakarra.

Udalerri orekatua eta koherentea

Zifretatik haratago, Udalak diño plangintzak funtsezko helburu bat daukala: udalerri orekatu eta koherente bat eratzea, non ingurune naturala eta uri-espazioa modu harmonikoan biziko diran. Era berean, ondarearen babesa indartzen dau, arkeologiaren, arkitekturaren eta ingurumenaren ikuspegitik garrantzitsuenak diran elementuak identifikau eta babestuko dauzan katalogo espezifiko bat eginez, etorkizuneko belaunaldientzat interes kulturala daben ondasunen konserbazinoa bermatuz.

Bestalde, ez dago jarduera ekonomikoetarako berariazko eremurik; halan be, epe ertainean aukera hori bermatzeko, lurzoru urbanizagarri sektorizatu bakoaren 2.000 m²-ko partzela bat planteetan da, tokiko ekimen eta beharrizan ekonomikoetarako erabil daitekeena. Lurzoru urbanizaezinerako ezarri diran kategoriak Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren antolamenduari dagozkio, eta honako honeek dira, besteak beste: itsasadarreko eremua, Artadi Kantauriarren eremua, Urdaibaiko Ibai Sarearen eremua, Paisaia Babesteko Eremua edo Landa Guneen eremua.