Gautegiz Arteagako Udalak zerga eta tasa guztiak izoztea erabaki dau 2027rako, zaborrena ezik

Gautegiz Arteagako Udalak adierazpen garrantzitsua egin dau 2027ko udal-zergei jagokonez. Joan den irailaren amaieran egindako Osoko Bilkuran, 2027rako tasa, zerga eta prezio publiko guztiak izoztea onartu dau, herritarren erosahalmena babesteko eta udal-finantzen osasuntsutasuna bermatzeko asmoz. Neurri hau aho batez onartu zen politikoen artean.

Edozein modutan, salbuespen bakarra egongo da datorren urtean: zaborren tasa %25 igoko da. Igoera honen ondorioz, ordainketa hiru hilean behin 30,08 eurotik 37,60 eurora igaroko da. Udaletik azpimarratu dabenez, moldaketa hau indarrean dagoen Hondakinen Legeak hala behartuta egin behar izan da, zerbitzuaren kostu erreal osoa estaltzeko helburuagatik. Puntu honetan EH Bilduk aurka bozkatu eban.

Alokairu sozialari babesa eta turismo-zerga barria

Zergak izozteaz gain, Udalak etxebizitza babesteko neurri sendoa hartu dau: %99ko hobaria aplikatuko jako Ondasun Higiezinen Zergan (OHZ/IBI) beren etxe hutsak Eusko Jaurlaritzaren Etxebide edo Alokabide bezalako alokairu sozialeko programetan sartzen dabezan jabeei.

Bestalde, herriko turismoaren inpartua kudeatzeko asmoz, Udalak egonaldi turistikoen gaineko zerga barria arautu dau, 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera indarrean sartuko dena. Neurri honen bidez, zerga-bilketa herriko espazio publikoak mantentzeko eta turismo jasangarria sustatzeko erabiliko da.