ANA GOITIA
Kazetaria eta bakarrizketalaria
Gernika-Lumon izan barri da Ana Goitia, Astran hain zuzen, Katana bakarrizketa aurkezten. Gaur egun pil-pilean dagozan gai ugari umorez baina kritika zorrotzari uko egin barik aztertzen ditu lekeitiarrak ordubeteko saioan; eta, azaroan herririk herriko bidea hasi ebanetik, publikoaren onespena jaso dau. Katana lehenengo bakarrizketa luzea dauan arren, komunikazinoan aspaldi hasi zan eta telebistan ibilten da erosoen. Lehenengo bakarrizketa laburra ETBko Barre librea saioan egin eban, baina bestelako saioetan be agertzen da. Gaur egun, arratsaldero dabil Biba zuek!-en. Bizitzan umorea ezinbestekoa dala uste dau.
Katana da zure bakarrizketa, Japoniako ezpaten moduan. Izenburutik bertatik indartsua da.
Nire mingaina katana baten modukoa da, gauzak gordin esaten dodaz, uste dot definizino ona dala niretzat. Ganera, katana berbaren barruan Ana dago, neure izena. Dana dala, izenburua ez zan nire idea izan, Antton Telleriak esan eustan ea Katana izenburua ze begitantzen jatan, eta niri, ba gustau. Ondo pasetako eta gogoeta egiteko bitartekoa da bakarrizketa hau, anekdotak kontetan dodaz. Modu horretara, jenteari pentsau eragin egiten deutsat.
Gaur-gaurko gaiak jorratzen dozuz ikuskizunean, ezta?
Egunerokoan bizi dodazan gauzez egiten dot berba. Azken batean, Katana neu naz. Adibidez, musikaren ganean egiten dot gogoeta, azken urteotan euskal musikan sortu dan sold-out kultura eta areto handiak beteteko jokera hori aztertzen dot, modu kritikoan. Lodia nazalako bizi izaten dodazanak be kontetan dodaz, lodifobian gehiegi sakontzen ez dodan arren. Bestetik, gurasook umeakaz daukagun erlazinoa be aitatzen dot, apur bat danetarik dago bakarrizketan, beti neure egunerokoan oinarrituta.
Ordubete inguruko bakarrizketa da Katana. Zelakoa izan da sorkuntza prozesua?
Telebistan, Barre Librea saioan, bakarrizketa labur bat egin eta gero, Antton Telleriak deitu eustan Tolosan saiotxu bat egiteko, eta bakarrizketalaria ez nintzan arren, animau egin nintzan. Tolosara eroan neban testutik abiatuta, moldatzen hasi nintzen, gauzak gehitzen joan nintzan apurnaka. Bakarrizketa laburrak egiten hasi nintzen han eta hemen, eta zerk funtzionetan eban eta zerk ez ikusten joan nintzen. Ni egunero egoten naz sortzen, edozein idea burura etorri ezkero, neure buruagaz daukadan whatsapp taldera bialtzen dot. Autoan ordu asko egiten dodaz egunero, eta hor bururatzen jataz askotan idea barriak. Beraz, Katana ez neban dana segiduan sortu, apurka joan nintzen gauzak gehitzen eta fintzen.
Saioaren estreinalditik hona, publikoaren erreakzinoan oinarrituta, egokitzen joan zara?
Bai, eta ganera, asko inprobisetan dot. Horregaitik, herri bakotxean Katana desbardina da, beti egitura berean oinarritu arren. Publikoaren arabera, herriaren arabera edo neuk daukadan egunaren arabera, aldatzen joaten da bakarrizketa. Gauzarik onenek, askotan, inprobisazinoaren ondorioz urteten dabe. Gero, halakoak gehitu egiten dodaz hurrengo saiorako, baina arazoa zein da? Ba, ordubeteko saioa dala berez eta batzuetan ordu eta erdi egin izan dodala, eta hori be ezin da.
Ohituta zagoz telebistan agertzera, baina bakarrizketetan publikoa aurrez aurre daukazu. Sentsazino desbardina da?
Oso desbardina, bai. Bakarrizketetan publikoa hortxe bertan daukazu, oholtzan zeu zagoz eta tartean ez dago beste inor. Ez dauka zerikusirik. Egia da telebistan be zuzenekoa dala gehien gustetan jatana, adrenalina hori, naturaltasuna… Baina oholtzatik berba egitea, hori bai dala ederra; publikoa disfrutetan ikusten dozu, ze telebistan ez dakizu pantailaren beste aldekoak zer pentsetan dauan. Nik jentea ikusi izan dot barrearen barreaz negarrez, hor ikusten dot ze marabilla dan hau, behintzat momentu batez publikoa zoriontsu egin dot. Txarrerako be izan leiteke, akaso pasarte baten espero dozuz publikoaren barreak eta ez da ezer entzuten.
Aspalditik ibili zara komunikazinoaren munduan, baina orain gehiago ikusten zaitugu telebistako saioetan, bakarrizketak egiten be hasi zara… Kalean gehiagok ezagutzen zaituela igarri dozu?
Kalean jenteak agurtu egiten nau gehiago, bai. Ez dot esango famatua nazanik, famatua neure etxean izango naz eta kitto, baina ezagunagoa bai. Ilusinoa egiten deust, batez be jenteak esaten deustanean aurrez aurre gazteagoa emoten dodala, igual ondo geratzeko esaten dabe, baina ni pozik. Gozagarria da berotasun hori sentidutea. Ganera, etxean be oso babestuta nago, itzelezko suertea daukat ingurukoakaz, familiagaz; eta herriagaz be bai, Lekeitio neugaz dago. Pasada bat da, oso harro nago neure herriaz.
Bakarrizketak modan dagoz, telebistan zein antzokietan. Zergaitik da hain formatu arrakastatsua?
Bizi izaten gabilzan garai nazkagarriagaitik dala uste dot, garai gogorrak dira honeek. Ikusten dozuz pandemiak, gerrak, Gazakoa, ultraeskuma gero eta indartsuago… Danok behar dogu umorea, barre egitea. Entzule askok esaten deuste eurentzat terapia izan dala nire bakarrizketa, inoiz ez deuste esan hori baino gauza ederragorik. Persona batentzat terapia izan bada, horregaitik bakarrik merezi izan dau monologoa egiteak. Gauzak dagozan moduan, barre batzuk egitea ona da danontzat, nire ustez algara osasuna da.
Euskeraz bakarrizketak egiten berandu hasi gara, baina orain sortzaile asko zabize horretan.
Euskal komedia apur bat lo egon da, baina berbiztuten hasi da. Gernikan, esaterako, Komedia Gauak dagoz. Pozgarria da jente gaztea animau dala ikustea. Lehen egoten zan ustea erderaz grazia gehiago egiten dauala, baina ez, euskeraz be komedia egin leiteke ederto.
Emakumeak gero eta gehiago zarie oholtzan, umoregintzan.
Hori be ez da bape ohikoa izan, gizonen kontua izan da beti. Barre eragiteko orduan gizonek gaitasun eta grazia handiagoa daukiela uste izan dau jente askok, baina horrek ez dauka zentzunik. Pozten naz ikusten dodazanean emakumeak euskeraz komedia egiten, Katana be beharrizan horretatik sortu neban. Beatriz Egizabal aspalditik dabil, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai alkarregaz ibilten dira… Baina gehiago behar doguz.
Moda mundua be ondo ezagutzen dozu, urteak egin dozuz sare sozialetan zeure ikuspegia eta aholkuak emoten. Horretan segitzeko astirik badozu?
Momentu batean aukeratu egin behar izan neban, kazeraritza ala moda. Argi euki neban neure benetako pasinoa komunikazinoa zala. Egia da modaren kontuan be komunikazinoa dagoala, baina beste bidea aukeratu neban. Sare sozialetan postureo eta guzur asko dagozala be konturatu nintzan eta hori ez dator bat nigaz, nahiago dot gauzak natural azaltzea. Blog bategaz hasi nintzan ni, sare sozialik be ez egoan orduan, pixka bat ezjakintasunetik, inozentzia puntu bategaz. Orain dana da hotzagoa, dana da antinaturalagoa. Horregaitik, apur bat alboratu neban modarena eta sare sozialena. Dana dala, nahiko neuskio horri barriro heldu; badakit emakume askok eskertzen dabena taila handiei buruz berba egitea edo neure aholkuak entzutea. Orain ez daukat astirik, gauza askotara nago. Baina, ahal dodanean, neure look-ari argazki bat atara eta erakusten dot. Oso gustuko dot diseinatzaileen lana ezagutzea, bertokoen sorkuntzak ikustea, hamengo markak bultzatzea… Baina ahal dodanean; egunak 24 ordu baino ez ditu.
Aurrera begira, bakarrizketa gehiago egin gurako zendukez?
Momentuan momentukoa bizi izatea gustetan jat, ez daukat aurreikuspen askorik. Esan behar dot, hori bai, Katana-k guztiz beteten nauala, espektatiba handi barik hasi nintzen eta oso ondo funtzionau dau, poz-pozik nago. Telebista be asko maite dot. Orain nagoen moduan, egia esan, ederto nago. Eguna bete-betea izaten dot: Biba zuek!-en arratsaldero, orain Txoriak saioaren zuzendaria be banaz eta, jakina, Katana bakarrizketagaz be geratu barik nabil. Baina, bestetik, beti daukadaz proiektu barriak buruan, nahiko nuke egunen batean fikzinoa egin, edo antzerkia, txiki-txikitatik gustau izan jatazan gauzak dira baina orain arte ez dodaz probau.





