Gaztelugatxeko San Juanera bisita gidatuak aste santuan

Urtero bezala, Bermeoko Udalak Aste Santurako bisita gidatuak antolatu dauz, Gaztelugatxeko San Juanera, Euskal Herriko kostaldeko toki ikusgarrienetako batera.

Zerbitzua Bermeotik abiatuko da, eta bisitarien erosotasuna lehenesten dau. Bisita gidatuak apirilaren 2tik 6ra bitartean egingo dira.

Bisita gidatuen iraupena hiru ordu ingurukoa izango da, eta Lamerako autobus geltokitik abiatuko dira 10:00etan eta 12:00etan. Helburu nagusiak hiru dira: garraio publikoa sustatzea, CO₂ emisioak murriztea eta aparkaleku arazoak saihestea; bisitariak Bermeora erakartzea; eta Gaztelugatxeko balio naturalak eta historikoak modu sakonean ezagutzea.

Beraz, bisita honekin joan-etorriak autobusez egingo dira, erreserba eginda,autobusa Bermeotik Gaztelugatxera joango da. Bestalde,gida profesional batekin Gaztelugatxeko San Juanen historia, kultura eta ingurune naturala modu didaktiko eta interesgarrian ezagutzeko aukera egongo da, eta bisita gidatuarekin batera, baselizara sartzeko tiket guztiak barne hartuta dagoz.

Bisita honekin, parte-hartzaileek Gaztelugatxeko nortasuna eta berezitasuna modu sakonean ezagutuko dabe: bertako sinesmenak, errituak eta ohiturak ezagutzeaz gain, Matxitxako lurmuturraren ikuspegi panoramikoak eta itsasargien bitxikeriak ere aurkituko dabez.

Erreserbak eta presioak

Erreserbak egin ahal dira dagoeneko www.bizibermeo.eus webgunean. Prezioak honako honek dira:
• Nagusiak: 10 €
• 6 eta 16 urte bitartekoak: 5 €
• 6 urtetik beherakoak: 1 € (gehienez, heldu bakoitzeko 2 haurrentzat)

Informazio osagarria eskuratzeko, Turismo Bulegoarekin harremanetan jarri ahal da: 94 617 91 54 telefonoan, turismoa@bermeo.eus helbidean edo webgunean bertan.

Bermeoko Turismo Bulegoko arduradunek azpimarratu dabenez, Gaztelugatxeko San Juan ingurune babestu bat da, eta guztion artean zaindu beharra dago. Bisita gidatuek aukera paregabea eskaintzen dabe bertako kultura eta naturaren balioa lehen eskutik ezagutzeko, ikuspegi ekoturistiko batetik.