Bermeoko Udalak Gaztelugatxeko San Juanera joateko bisita gidatuen zerbitzua jarriko dau martxan aurten be udako sasoian, uztailaren 4tik abuztuaren 28ra bitartean.
Eskualdeko zein kanpoko bisitariei zuzendutako egitasmo honek herriko Lamerako autobus geltokian izango dau abiapuntua, eta egunero bi txanda eskainiko dira, goizeko 09:30ean eta 11:30ean, hiru ordu inguruko iraupenagaz. Zerbitzu honen bitartez, erakunde publikoek garraio publikoaren erabilera sustatugura dabe, ibilgailu pribatuek eragindako CO₂ emisioak murrizteko eta ingurune horretan sortu ohi diran aparkaleku arazoak saihesteko. Era berean, ekimenak bisitariak Bermeoko erdigunera erakartzea eta herriko ekonomia indartzea dau helburu.
Bisita gidatu honek joan-etorriko autobus zerbitzua bermatzen dau Bermeotik, eta gida profesional baten laguntzagaz egingo da ibilbidea, San Juan inguruko historia, kultura eta balio naturalak modu didaktikoan ezagutarazteko. Horrez gain, erreserbeagaz batera baselizara sartzeko beharrezkoak diran tiket guztiak barne hartzen dira, bisitarien sarrera kudeaketa erraztuz. Parte-hartzaileek inguruko sinesmenak, errituak eta ohiturak aztertuko dabez, eta Matxitxako lurmuturreko ikuspegi panoramikoak zein bertako itsasargien bitxikeriak ezagutzeko aukera izango dabe.
Udaleko Turismo Bulegotik gogorarazi dabenez, Gaztelugatxe babestutako gunea da eta ekoturismoaren ikuspegitik zaindu beharrekoa. Erreserbak dagoeneko egin ahal dira www.bizibermeo.eus webgunean; helduen txartelak 10 euroko salneurria dau, 6 eta 16 urte bitartekoentzat 5 eurokoa da, eta 6 urtetik beherakoentzat euro batekoa.
Gaztelugatxe zentro barria
Uda honetako eskaintza borobiltzeko, Bermeoko Areilza kalean kokatutako Gaztelugatxe Zentroak ateak zabaldu dauz aste honetan bertan. Interpretazio gune berri honetan, ingurune naturalaren eta kulturalaren identitate-balioak daude ikusgai modu sakonean. Sarrera doakoa izango da eta irailaren 30era arte egongo da zabalik. Ordutegiari dagokionez, lanegunetan goizez 10:00etatik 15:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 18:00etara bisitatu ahal izango da; domeka eta jai-egunetan, barriz, goizeko 10:00etatik 14:00etara irekiko ditu ateak.
Zentroa itxita egongo da astelehenetan eta irailaren 9an. Informazio gehiago gura dabenek Turismo Bulegora jo dezakete, 94 617 91 54 telefonora deituta edo turismoa@bermeo.eus helbidera idatzita.



