Gaztelugatxerako sarbideak itxiko dabez abuztuaren 12ko eklipsearen ondorioz

Egun berezia eta berebizikoa dator abuztuaren 12an gure kostaldean. Eguzki-eklipseak jende ugari erakartzea aurreikusten da eta, horren aurrean, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bermeoko Udalak (Bakiogaz eta Lakuako Segurtasun Sailagaz batera) segurtasun dispositibo berezi bat jarriko dabe martxan Gaztelugatxeko Donienen. Segurtasuna bermatu, naturagune babestua zaindu eta inguruko trafiko kaosa saihestea da neurri honen helburu nagusia.

Aurreikusitako planaren arabera, abuztuaren 12ko arratsaldean sarbide guztiak erabat itxita egongo dira. Goizean txanda hartuta daukien bisitariak bakarrik sartu ahal izango dira, eta behin horien bisita amaituta, inguru osoa hustu egingo da operatiboa aktibatzeko. Ermuko zein Urizarreta inguruko bideetan kontrol-guneak jarriko dabez Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Bizkaiko Basozainek, ezer eta inor igaro ez daiten ziurtatzeko.

Erakundeei jarraituz, Bermeoko Udaletik mezu argia bidali gura deutsie herritarrei zein bisitari kexatiei: abuztuaren 12ko arratsaldean ez hurbildu Gaztelugatxe ingurura. Gure altxor naturala babestea eta trafiko arazo larriak saihestea guztion ardura da, beraz, eklipseaz gozatzeko eskualdeko beste behatoki zein leku zabalago batzuk hautatzea gomendatzen da.