Euskal herriko nekazaritza eta abeltzaintzaren erakusleihorik handienak berriro hartuko dauz Gernika-Lumoko kaleak Urriko Azken Asteleheneko ospakizunagaz. Aurten azokak 251 postu bilduko dauz baserriko produktuez, artisautzaz eta nekazaritzako makineriaz jantzita, euskal ekoizpenaren kalitatea eta aniztasuna zein gure baserritarren lana balioan jartzeko egunean. Egitarauak nekazaritza lehiaketak, bertsolariak, gaztaren enkante ospetsua eta arratsaldeko zesta punta partiduak bilduko dauz.
Iñaki Gorroño Azoka eta Merkatuko zinegotziak herritar zein bisitari guztiak gonbidatu dauz udalerrira hurbiltzera, Bizkaiko azoka egutegiko egun garrantzitsuenetako bat gozatzera: «Azken Astelehena aukera paregabea da gure baserritar, ekoizle eta artisauen lana balioan jartzeko, eta gure lurraldeko produktuen kalitatea zein aniztasuna jendeari gerturatzeko».
Omenaldia kirol, elkartasun eta gizarte arloko erreferentziei
Goizeko 11:30ean, Gernika-Lumoko Udaleko osoko bilkura aretoan harrera eta omenaldi ekitaldia egingo jake hainbat pertsona eta talderi.
Sarituen artean zesta puntako munduko txapeldun izandako Lekerika eta Barandika pilotariak egongo dira; Transportes Karmelo enpresako Karmelo Egiarte Goikolea; elkartasun ekimenetan parte hartzen dauen Sorkunde Ordorika ile-apaintzailea; eta beste lurralde batzuetako udal ordezkariak, hala nola Emilio Lorenzo Jorge de Ana (Moral de Sayago), Carlos Rodríguez Casares (Toroko alkatea), Óscar Díaz Hernández (Alconcheleko alkatea) eta Gerásimo Vallejo Herrero (El Burgo Raneroko alkatea).
Postuak herriko kale nagusietan zehar
Azokak 251 postu bilduko dauz 2026ko edizio honetan, nekazaritzako elikagaien, artisautzaren eta makineriaren erakusgarri zabalaz. Artisautzak 56 postu izango dauz eta kaleko saltzaileek 40. Eskaintza roskilla, txosna eta sustapen eremu ezberdinegaz osatuko da.
Baserriko produktuen artean, gazta izango da izar nagusietako bat 42 postugaz, ondoren ogia eta euskal pastelak (23 postu) eta txakolina (16 postu). Horrez gain, eztiari eskainitako 15 postu egongo dira, conserven 10, barazki eta baratzekien 9, sagardoaren 6, frutaren 6, esnekien 5, ahate-produktuen eta pateen 6, eta landareen 2.
Eskaintza azkenburuko produktuen 24 postugaz, nekazaritzako makineriaren 9gaz, eta zerbitzu batzuekaz borobilduko da. Txosnak eta roskilla postuak udalerriko hainbat puntutan banatuko dira, eta Azoka Plazak astelehenetako ohiko jarduerari eutsiko dio.
«Azoka bisitatzen daben guztiek gure bertoko ekoizpenaren lagin zabal eta anitza topatzea nahi dogu, elikagaien jatorria eta produktu bakoitzaren atzean dagoen lana bertatik bertara ezagutu daiten», gaineratu dau Gorroñok.
Lehiaketak, bertsolariak eta zesta punta
Programazioa goizeko 9:00etan hasiko da nekazaritza produktuen lehiaketagaz, makineria erakusketagaz eta artisautza postuen irekieragaz.
Eguerdiko 12:00etan, Amets Arzallus eta Onintza Enbeita bertsolariak arituko dira merkatuko iturrietan. 13:00etan lehiaketen sari banaketa egingo da, eta segidan gaztaren ohiko enkantea ospatuko da.
Jardunaldiak arratsaldez jarraituko dau zesta puntagaz. 18:00etatik aurrera Gernika Jai Alai Winter Series txapelketari hasiera emango dioten bi partidu jokatuko dira: lehenengoan Urreisti eta Atain, Goitia eta Oyhenarden aurka arituko dira; bigarren partiduan, Erkiaga eta Salegi, Goixerri eta Lekerikaren aurka lehiatuko dira.
Lehiaketetako epaimahaia sektoreko adituek osatuko dabe, Bizkaimendi, Bizkaiko Foru Aldundia eta jatorri-deiturazko erakundeen ordezkaritzagaz. Gazta datastatzean euskal gastronomiako hainbat profesionalek lagunduko dabe, hala nola José Miguel Olazabalagak (Andra Mari jatetxea), Daniel Garcíak (Bizkaiko Sukaldarien Bilkurako presidentea), Sergio Ortiz de Záratek (Zarate jatetxea), Zigor Iturrietak (Txoriene programa), Alex Duquek, Joseba Uribarri-k, Javier Garcíak (Boroa jatetxea) eta Mikel Garaizabalek.
Segurtasun eta larrialdi gailu koordinatua
Antolakuntzak segurtasun eta larrialdi plan zehatza prestatuko dau Suhiltzaile, Gurutze Gorria, Osakidetza, Udaltzaingoa, Ertzaintza eta Udal Brigadagaz lankidetzan. Gailuak balizko istripuak, erorketak, mozketa edota suteak prebenitu eta artatzeko neurriak hartuko dauz jai-gune osoan.
Operatiboan 80 pertsona baino gehiagok parte hartuko dabe: Gurutze Gorriko 12 kide, Ertzaintzako 38 agente, 18 udaltzain eta udaleko 12 langile, suhiltzaileen zerbitzuaz gain. Komando Gune Aurreratu bat eta larrialdi talde bat ere jarriko dira martxan, eta anbulantiak irteera errazak dituzten gune estrategikoetan kokatuko dira.



