Gernika-Lumok antzerkiz, musikaz eta zinemaz beteriko martia eskainiko dau

Gernika-Lumok martxorako programazioaren berri emon dau. Bertan, antzerkia, zuzeneko musika, nazioarteko zinema eta familientzako proposamenen nahasketa orekatuagatik nabarmentzen da, tokian tokiko eta emakumeek zuzendutako ekoizpenen presentzia handiarekin.

Antzerkiaren atala martiaren 7an, zapatua, abiatuko da “La llamaban loca” obraren emonaldiarekin, Gurutze Beitiaren zuzendaritzapean, Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat egiten dauen hitzordua. Hilaren 19an, osteguna, Janire Arrizabalaga, Izaro Bilbao eta Araitz Katarain protagonista dituen “Itzaliko Bagina” bertso-antzerki ikuskizunarekin jarraituko dau antzerki-programazioak, eta hilaren 28an, larunbata, itxiko da Erre Produkzioak taldearen “El amor no se reproduce en cautividad” lanarekin.

Musikaren arloan, Olaia Inziarteren kontzertua izango da hilaren 27an, barikuan.

Bestalde, umeek eta familiek ezinbesteko bi hitzordu eukiko dabez. Lehenengoa hilak 6, Udal Liburutegian, “Izare Rock Zizare” doako jarduerarekin Alararen eskutik, eta, hilak 29, Markeliñe taldeak “Hodei guztien gainetik” antzezlana eroango dau Lizeoko agertokira.

Horrez gain, “Lizeoteka” zinema zikloak nazioarteko bi proiekzio eskainiko dauz: Petra Biondina Volperen “Turno de guardia” suitzar filma, hilak 6, eta Hasan Hadiren “La tarta del presidente” irakiar filma martiaren 20an.

Ekitaldi bakoitzeko sarrerak eta xehetasun gehigarriak eskuragarri daude Kultur-Etxeko webgunean.