Gernika-Lumoko bakearen ahotsa ozen entzun da Luandan

Gernika-Lumo berriro be nazinoarteko agertoki nagusienetara heldu da asteburu honetan. Jose Maria Gorroño alkatea eta Jon Lejarraga alkateordea Luandan, Angolan, egon dira “Bakearen aldeko garrasia, gerren amaiera eta nazinoarteko legaltasunaren errespetua” izeneko ekimenaren hirugarren edizinoan. Nazino Batuen Zibilizazinoen Aliantzak eta Bakearen aldeko Erlijioak erakundeak bultzatutako topaketa honetan mundu osoko erakunde, erlijio buru eta gizarte zibileko ordezkariak batu dira, elkarrizketa eta bizikidetzaren aldeko konpromiso irmoa barriro azaltzeko asmoz.

Miguel Angel Moratinos Nazino Batuen Zibilizazinoen Aliantzako Goi Ordezkaria buru zala, topaketak Luandako Adierazpena onartu dau amaieran, nazinoarteko lankidetza eta zuzenbidea babesteko agiri garrantzitsua. Ekimen hau duela bi urte jaio zan Gernika-Lumon bertan, herriko bonbardaketaren urteurrenagaz batera. Gero Sarajevora eroan eben, Srebrenicako genozidioaren hogeita hamargarren urteurrenean, eta orain Luandara heldu da, gerra zibil luze baten ostean berreraikitzearen ikur bihurtu dan hiriara. Hiru eszenatoki honeek, gatazkak markatutakoak izanda be, mezu berberak batzen dauz: gizarteak oroimenetik, adiskidetzetik eta itxaropenetik berreraikitzeko daukana.

Nazioarteko agintari ugariren aurrean, tartean Angolako presidentea eta bere gobernuko kideak, Kongoko Errepublika Demokratikoko presidentea eta Namibiako lehen ministroa zirela, Jose Maria Gorroñok bakearen balioa azpimarratu dau, elkarrizketa, justizia eta aukerak eskatzen dauzen prozesu moduan. Alkateak adierazi dau Luandak gerraren mina ezagutu arren, herri batek altxatzeko eta etorkizun baketsua eraikitzeko daukan indarra erakutsi dauela, eta horrek argi uzten dauela elkarrizketak beti egon behar duela konfrontazioaren gainetik.

Bere hitzaldian, Gorroñok nabarmendu dau adiskidetzea dela indarkeria jasan daben herriek izten daben irakaspen handienetako bat. Alkatearen esanetan, bakeak desberdintasunak errespetatzea eta etorkizuneko belaunaldietan pentsatuz adostasunak bilatzea eskatzen dau. Adiskidetzeak ez dau esan nahi iragana ahaztea, horretatik ikastea baino, berriro ez gertatzeko. Armak isiltzen direnean hasten da benetako erronka: aukerak sortzea, hezkuntza zein osasungintza indartzea eta herritarren bizi-kalitatea hobetzea, bakea denboran finkatzeko.

Jardunaldian zehar aztertutako gaien artean, gerra-gaiak daukiezan bideojokoek umeengan eta nerabeengan daukaten eraginari buruzko nazinoarteko kanpaina baten abiaraztea be egon da, indarkeriaren normalizazioan daukien eragina aztertzeko. Gernika-Lumok foro garrantzitsu honetan izan dauen parte-hartzeak argi eta garbi sendotzen dau herriak mundu mailan bakearen eta giza eskubideen defentsan daukan erreferentziazko lekua.