Gernika-Lumoko Liburutegiak lupa adimentsuak jarri dauz irakurketa errazteko

Gernika-Lumoko Udal Liburutegiak urrats oso garrantzitsua emon dau herritar guztiei kultura eta irakurketa hurbiltzeko bidean. Joan dan uztailaren 1etik aurrera, gure liburutegira doazen pertsonek lupa adimentsu barriak daukie eskura euren irakurketa saioak errazteko. Gailu teknologiko honek testu inprimatuak unean bertan eta modu automatikoan audio fitxategi bihurtzen dauz. Ekimen honi esker, ikusmen urritasuna edo irakurtzeko zailtasunak daukiezan pertsonek errazago izango dabe liburu bat irakurtzea, egunkari bat kontsultatzea edo edozein dokumentu inprimatutara heltzea.

Teknologia berri hau LUP izeneko startup euskaldunak garatu dau eta poltsikoan eramateko moduko lehenengo lupa adimentsua da. Testua handitzeaz gain, gailua gai da edukia ahoz gora irakurtzeko eta dokumentuak 30 hizkuntza baino gehiagotara itzultzeko. Liburutegiko langileek formakuntza zehatza jaso dabe gailu hauen erabilera onena bermatzeko eta erabiltzaileei laguntzeko. EUSTATen datuen arabera, euskal herritarren %4 inguruk dauka ikusmenen bat edo besteko muga, eta horregatik da hain garrantzitsua espazio publikoetan horrelako tresnak egotea aukera berdintasuna bermatzeko.

Udaleko zein Kultur Etxeko arduradunek poz handiz hartu dabe berrikuntza hau gure herrian. Ziortza Bilbao Kultura zinegotziak azaldu dauenez, liburutegiak herritar guztientzako espazio irekia izan behar dau, inor kanpoan utzi gabe. Bestalde, Cristina Arana Kultur Etxeko zuzendariak azpimarratu dau liburutegiek eboluzionatzeko ardura daukatela eta proiektu pilotu hau egokitzapen horretarako soluzio erreal bat dela. Tresna erabili gura daben herritar guztiek Kultur Etxeko liburutegian eskatu besterik ez daukate.