Gernika-Lumoko RK Solutions ETE teknologikoak urrats erraldoia emon nahi dau bere ibilbidean. Enpresa txiki zein ertainentzako eta langile autonomoentzako kudeaketa-softwarean espezializatutako konpainiak hazkunde-plan handizalea aurkeztu dau: hurrengo lau urteetan 3.500 bezerotik 60.000 izatera igaro nahi dau.
Gaur egun 20. urteurrena betetzen dau enpresak. Urteurren honen harira, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia Gernikako egoitzan izan da instalazioak gertutik ezagutzen eta etorkizuneko asmoak bertatik bertara entzuten. Etxanobek azpimarratu dauenez, «eskualde guztietan aukerak egongo diren Bizkaia bat nahi dugu. Gazte batek bere etorkizun profesionala hazi den lekutik gertu imajinatu ahal izatea da gure helburua».
Informatika-denda txiki batetik azken belaunaldiko enpresa teknologikora
Orain dala hogei urte Gernikan bertan informatika-denda txiki moduan jaio zena gaur egun erreferente teknologiko bihurtu da. Azken lau urteetan izandako bilakaera ikusgarria da: 4 langile izatetik 80 profesional inguruko lan-taldea izatera igaro da.
John Pollock RK Solutionseko CEOak argi utzi dau hazkunde hau herriari lotuta egongo dela: «Hazten jarraitu nahi dugu, eta hazkunde hori hemen geratzea nahi dugu. Gazteek beren familietatik gertu lan ona aurkitu ahal izatea merezi dute, eta guk hori zor diegu».
‘La Manzana’ softwarea eta pertsonen zaintza, arrakastaren gako
Enpresaren motor nagusia euren kudeaketa-software propioa da: La Manzana. Egunero 100.000 faktura inguru bideratzen dira tresna honen bidez Gernikatik, eta egunean bi milioi euroko fakturazio-bolumena kudeatzen dau.
Hazkunde teknologikoaz gain, lan-baldintzetan eta giza kudeaketan berrikuntza babesten dau enpresak. Langileentzako gimnasioa finantzatzen dabe, arreta psikologikoaren erdia ordaintzen dabe eta Kafea CEOarekin bezalako ekimenak dituzte zuzeneko komunikazioa zaintzeko. Horren ondorioz, absentismo-indizea % 0,5ekoa baino ez da, eta 15 nazionalitatetako langileak arituz, berdintasunaren zein aniztasunaren aldeko apustu sendoa egiten dabe Gernikako zentro nagusitik.



