Klima-aldaketa ez da urruneko kontu bat, hemen daukagu eta egunerokoan nabaritzen dugu. Horregaitik Gernika-Lumo jada prestatu da-eta herritarrak babesteko. Udalak lanketa sakona osatu dau eta Babesleku Klimatikoen sarea jarri dau martxan herri osoan zehar, azpiegitura indartsu bategaz.
Sare hau herriko txoko desberdinetan banatuta dago, denon eskura eta guztiz doan izateko moduan. Guztira kanpoko 36 babesleku egokitu dabez, gehienbat parke, plaza eta berdeguneetan. Leku horreetan itzal naturala eta aireztapen ona dagoz, arnasa lasai hartzeko. Bestalde, barruko 6 babesleku ere badagoz, udal eraikin eta leku publikoetan kokatuta. Gainera, etorkizuneko zabalkundeetarako beste lau gune ere lotuta daukaz jada udalak.
Jon Lejarraga Ingurumen zinegotziak azaldu dauenez, klima-aldaketa gure egunerokoan bizi dogun errealitatea da. Sare honekin urrats garrantzitsua emoten da herritarrak babesteko eta bero handiko egunetan edonor freskatzeko moduko leku irisgarriak bermatzeko, batez ere ordurik gogorrenetan. Guztiz beharrezkoa den neurria da, herriko ikerketek argi izten dabielako hurrengo hamarkadetan tenperaturak gora egingo dauela eta bero-boladak gero eta ohikoagoak izango direla gurean.
Leku hauen hautaketa egiteko orduan, Ihobe erakundearen eta Europako LIFE Urban Klima 2050 programaren irizpide zorrotzak jarraitu dabez. Irisgarritasuna, gertutasuna, doakotasuna eta oinarrizko zerbitzuak izatea baloratu da batez ere. Helburua da herritar bakoitzak babesleku bat izatea etxetik minutu gitxira. Barruko freskaguneen artean dagoz, esaterako, Merkatuko Plaza, Jai-Alai pilotalekua, Santa Luziako Gizarte Zentroa, Santa Luzia ermita eta Nagusien Elkartea.
Gune guztiak jada seinaleztatuta dagoz eta herritarrentzako informazio sisteman txertatu dabez, mapan erraz bilatzeko moduan. Batez ere gure nagusiek, umeek eta osasun arazoak daukienek eskertuko daben azpiegitura da, arriskuak gitxitzeko balio dauena.



