Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) “Bizkaia eta bere askatasunak: Eraberritutako Foruaren 500 urte” udako ikastaroa Gernikako Batzar Etxean egingo da atzo eta gaur. Bizkaiko Batzar Nagusien eta Iura Vasconiae Fundazinoaren lankidetzeagaz antolatutako jardunaldi akademiko honek 1526ko Foru Barria onartu zala bost mende betetzen direla gogoratzea dauka helburu nagusi.
Batzar Etxeko Beirategiaren Aretoan egindako irekiera instituzionalean Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Idoia Otaegui Aizpurua EHUren Udako Ikastaroen zuzendariak, eta Itziar Alkorta Idiakez mintegiaren zuzendarikide eta Iura Vasconiaeko presidenteak hartu eben parte. Hirurek azpimarratu eben testu juridiko honek zeinbaterainoko garrantzia euki dauan lurraldearen nortasuna, autogobernua eta askatasunak eregiteko orduan.
Adituak, ikerketa barriak eta kultura agenda
Eguen eta bariku honetan, dozena bat adituk parte hartuko dabe antolatutako lau mahai-inguruetan. Bertan, kaparetasun unibertsala, ordezkaritza-sistemak eta Bizkaiko antolaketa komunitarioa aztertuko ditue, Europako beste eredu batzukaz alderatuz.
Aipagarria da gaurko saioan XVIII. mendeko dokumentu-aurkikuntza parebako bat aurkeztuko dela: “Commentaria ad veram intelligentiam legum fori de Vizcaya” (1725). Jon Arrieta eta Imanol Merino adituek aztertuko dabe lana, Jose Luis Aurtenetxe Batzar Nagusietako legelari nagusi ohiaren moderaziopean.
Horregaz batera, bertaratuek kultura eskaintzaz gozatzeko aukera daukie:
-
Erakusketa historikoa: Batzar Etxeko Liburutegiak Foru Barriari buruzko erakusketea hartuko dau hilebete bitan.
-
Kontzertua: Gaur itxiko da programea “Haretxaren azpian” ikuskizunagaz. ESAS sareko Alara harizko laukoteak Batzar Etxea eregiten hasi zaneko bigarren mendeurrena eta Pablo Sarasatek 1894an emondako kontzertu historikoa omenduko dauz.



