Lantegi Batuak erakundeak amaitu dauz Gernika-Lumoko zentroa goitik behera berritzeko lanak, 2,2 milioi euroko inbertsioa egin ostean. Txaporta poligonoan kokatutako azpiegitura honek 147 langile biltzen dauz gaur egun, eta horietatik 36 zerbitzu okupazionalean aritzen dira. Lantegi hau muntaketa elektromekanikoetan espezializatuta dago eta bere bezero nagusien artean Plastibor, Arruti Group, Ormazabal, MESA, Ibership, Gobesa, Arca eta Ulma Taldea bezalako enpresa indartsuak dagoz.
Egindako obrei esker, espazioak berregituratu eta irisgarritasun, segurtasun zein funtzionaltasun hobekuntza nabariak txertatu dabez. Beheko solairuan ekoizpen-eremuak berritu dira, eta lehenengo solairuan, berriz, jarduera-gelak, aldagelak, jantokia, bulegoak eta atsedenerako guneak moldatu dabez. Esku-hartze hauek lan-eremuak optimizatzeko eta ekoizpen-eskakizun berrietara egokitzeko beharrei erantzuten dautsie, baita eraginkortasun energetikoan aurrera egiteko helburuari ere. Hain zuzen, instalazio termikoaren berrikuntzak Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren babesa jaso dau.
1977tik Gernika-Lumon
Lantegi Batuak erakundeak lotura estua eta historikoa dauka Gernika-Lumorekin, Pedro Elejalde kalean zegoen Aixerrota zentroarekin hasi zelako. Garai hartan 21 erabiltzaile eukezan eta inguruko enpresentzat laguntza-lanak egiten ebezan, 1995ean jarduera osoa Txaportako egungo kokapenerako aldatu eben arte. Zentroko langileez gain, erakundeak beste 51 pertsonari ematen dautsie lana Busturialdea-Urdaibai eskualdean, lorategi-zaintza eta garbiketa zerbitzuak eskainiz hainbat azpiegituratan, hala nola Busturiako Udala, Ekoetxea Urdaibai, Mundakako IFAS egoitza, Olabe eta Calzada egoitzak, Centro Urdaibai udalekuak, Bermeoko Ospital Psikiatrikoa eta Gorabide zein APNABIren eguneko zentroak.
Iaz, erakundeak Gernika-Lumon sortutako Balio Sozial Integratua 3,48 milioi eurokoa izan zen, eta horrek argi uzten dau proiektuak desgaitasuna duten pertsonengan, haien familiengan, administrazio publikoetan, bezeroetan eta hornitzaileengan daukan eragin positiboa. Bizkaia mailan, Lantegi Batuak erreferentea da ekonomia sozialean eta 3.300 pertsona baino gehiagok osatzen dabe, zeinen ehuneko laurogeik desgaitasunen bat dauka. Lurralde osoan zehar 21 industria-zentro eta zerbitzu sare zabala dauka, eta 2025. urtean 60 lan-aukera berri sortu ebezan desgaitasuna daukienn lagunentzat. Gaur egun, adimen-desgaitasuna duten 139 pertsona Bizkaiko hainbat sektoretako enpresetan ari dira lanean Lagundutako Enplegu programari esker.
Erakundearen negozio-bolumena 112 milioi eurokoa izan zen, aurreko ekitaldian baino ehuneko hamalau handiagoa, eta guztira 3,2 milioi euroko inbertsioak egin ziren lurraldean.



