Gernikako San Juan Ibarrako taberna-kafetegiaren kontzesioa lizitatu da

Gernika-Lumoko Udalak jakinarazi dau San Juan Ibarra plazako taberna-kafetegiaren zerbitzua esleitzeko prozedura hasi dela. Udalaren titulartasunekoa da, hiriaren erdigunean dago, eta orain dela hamarkada batzuetatik dago lotuta udalerriko gizarte eta eguneroko bizitzarekin.

Eraikina jabari publikokoa da eta ostalaritza-erabilera dauka. Plaza dinamizatzeko funtsezko elementutzat jotzen da, herritarrek asko erabiltzen daben ingurunea dalako, eta, gainera, haurrentzako jolas-guneak dagoz bertan.

Emakida hori prozedura ireki arruntaren bidez izapidetuko da, eta, horri esker, kontratatzeko gaitasuna daukan edozein pertsona fisiko edo juridikok parte hartu ahal izango dau, berdintasun-, gardentasun- eta lehia askearen printzipioak bermatuz. Kontratuaren hasierako iraupena zortzi urtekoa izango da, eta urtebeteko bi luzapen egiteko aukera egongo da, gehienez ere hamar urtera arte.

Lizitazioaren oinarrizko kanona hilean 1.000 eurokoa izango da (BEZik gabe), eta esleipena kalitate- eta prezio-irizpideen arabera egingo da. Besteak beste, honako alderdi hauek baloratuko dira: zerbitzuaren proposamen teknikoa, taberna-kafetegiaren antolamendua eta funtzionamendua, ingurumen-neurriak, proposatutako jarduerak eta ekitaldiak, eskainitako prezioa eta ostalaritzaren esparruko esperientzia.

Interesdunek 2026ko otsailaren 23ra arte (deialdian ezarritako azken eguna) aurkeztu ahal izango dabez eskabideak. Prozedurari buruzko informazio guztia, bai eta pleguak eta baldintzak ere, Gernika-Lumoko Udalaren kontratatzailearen profilean dago.