Gernikako Udalak sei etxebizitza publiko alokairu sozialean emango dauz hilero 150 eta 200 euro artean

Gernika-Lumoko Udalak deialdi barria zabaldu dau udal jabetzako sei etxebizitza alokairu sozialean esleitzeko. Ekimen honen helburu nagusia azoka librea ordaindu ezin daben pertsonei eta familiei bidea erraztea da. Etxebizitzak Iparragirre eta Alondiga eraikinetan dagoz kokatuta, eta hilero 150 eta 200 euro arteko errentak izango dabez. Banaketa balorazio-sistema baten bidez egingo da, eskatzaile bakoitzaren egoera ekonomikoa eta soziala kontuan hartuta.

Pisu gabean sartzen diren etxebizitzen artean, gela bakarreko hiru pisu eta bi gelako beste hiru dagoz. Gela bakarrekoek 150 euroko alokairua izango dabe hilean eta gehienez bi pertsonako bizikidetza-unitateei zuzenduta dagoz. Bi gelakoek, ostera, 200 euroko prezioa edukiko dabe eta lau kide arteko familiek erabili ahalko dabez. Kontratuak bost urterako sinatuko dira, eta beste bost urtez luzatzeko aukera egongo da, baldintzak betetzen jarraituz gero.

Etxebizitza hauetako bat lortzeko, beharrezkoa da Gernika-Lumon gitxienez urte bi erroldatuta egotea eta Eusko Jaurlaritzako Etxebide zerrendan alokairuko eskatzaile moduan izena emonda izatea. Horrezaz gainera, eskatzaileek ezingo dabe jabetzan beste etxebizitzarik euki eta urteko diru-sarrera ponderatuek 10.495 eta 25.000 euro artekoak izan beharko dabe.

Udalaren egitasmo hau udalerrian babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko estrategian kokatzen da, herritarren galerari aurre egiteko asmoz. Plangintza orokorrak babestutako 206 etxebizitza eraikitzea jasotzen dau, baita ekonomia berdeari lotutako enpresa-parke bat eta Lanbide Heziketako zentro barri bat ere. Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak azpimarratu dauenez, ekimen honek erantzuna ematen dautso alokairuaren prezio altuei eta herriko gazteei zein familiei bertan bizitzeko aukera bermatu nahi dautsie.

Eskabideak aurkezteko epea irailaren 7ra arte egongo da zabalik Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Tramitea udalaren erregistroan bertan edo egoitza elektronikoaren bidez egin daiteke ereduzko orria erabilita. Prozesua ez da zozketa bidez egingo, baremazio bidez baizik. Etxebiden emandako denbora, bizikidetza-unitatearen tamaina, diru-sarrerak eta kalteberatasun egoerak —hala nola indarkeria matxistaren biktimak edo familia gurasobakarrak— lehenetsiko dira puntuaketa emoterakoan.