Gernikako Urriko Lehen Astelehenean 103 behi piriniar lehiatuko dira azokan

Gernika-Lumoko lehen astelehena Euskal Herriko nekazari eta abeltzainen ardatz nagusia bihurtuko da barriro ere . Aurten, 103 behi piriniar batuko dira Euskadiko abeltzaintza txapelketan, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 11 ustiategitako ale onenekaz.

Guztira 96 eme eta zazpi ar ikusi ahal izango dira Santa Anako esparruan. Bizkaia izango da ordezkaritza handiena eukiko dauen lurraldea: lau abeltzain-etxe eta 53 buru ekarriko dabez. Euren artean egongo dira Jon Koldo Bikandi (Iurreta, 14 buru), Arbaiza Anaiak (Orozko, 15 buru), Juan Luis Irazola (Mallabia, 13 buru) eta Urko Pagoaga (Markina-Xemein, 11 buru). Gipuzkoatik lau ganadutegi eta 29 behi etorriko dira, eta Nafarroatik, barriz, hiru ustiategi eta 21 buru.

Iñaki Gorroño Azoketako zinegotziak azpimarratu dauenez, “Urriko Lehenengo Astelehenak lehen sektorea, bertoko produktua eta gure abeltzainen lana jarriko dau barriro ere erdigunean. Hiru lurraldetako abeltzaintzak bertaratzeak argi uzten dau ze zeintzuko balioa dauen hitzordu honek gure arraza eta tokiko elikagaiak ezagutarazteko”.

Pintxoak Labeldunen haragiagaz, artisautza eta bertoko merkatua

Abeltzaintza lehiaketaz gain, Santa Ana inguruak Labeldun behi pirinaikoaren haragiagaz egindako pintxoak dasta gura dabezan guztiak hartuko dauz. Horregaz batera, ezinbesteko nekazaritza-azoka ere antolatuko da, bertoko gazta, paté, sagardoa, gozokiak eta txakolina erosteko aukereagaz. Eskulanak gogoko dituztenentzat, artisauen azoka ere egongo da zabalik.

Azokaren aurretik, Euskal Jaiak emango dautso hasiera jai-egitarauari. Azokan Busturialdeko zein Lea Artibaiko baserrietako produktuekaz osatutako 30 postu inguru jarriko dira, eta eguna borobiltzeko sukalki egun handia ere ospatuko da.