Gernikan 14 urteko neska baten gurasoak atxilotu dabez alaba erritu bidez ezkontzera behartzeagatik

Adingabeen babesean eta sexu-askatasunaren aurkako delituen aurkako borrokan kolpe barria emon dau Ertzaintzak. Ertzaintzaren Ikerketa Kriminaleko Atal Nagusiak egindako ikerketaren ostean, 27 urteko gizon bat atxilotu dabe eta 14 urteko adingabe baten gurasoak ikertu dabez. Adingabea bost hilabeteko haurdun dago eta atxilotuagaz senar-emazte harremana euki dau, ezkontza-erritu tradizional bat egin ostean.

Ikerketak erakutsi dauenez, 14 urteko nerabea eta atxilotutako gizona neskatoaren gurasoen etxean bizi ziran alkarregaz. 36 eta 37 urteko gurasoek, ustez, egoera hori guztia onartu, erraztu eta baimendu egin dabe, adingabearen gaineko kontrola gizon helduari itzita.

Gizakien salerosketa eta sexu-eraso delituak

Gertaera larri hauen aurrean, kargu oso gogorrak egozten deutsez ikertuei. Gurasoei, hasiera batean, ezkontza helburu eukita egindako gizakien salerosketa delitua eta sexu-erasoan beharrezko laguntzaile izatea egozten deutsez. Horregaz batera, ez-egiteagatiko erantzukizuna ere aztertzen ari dira, alabaren bermatzaile izanda ez daitelako gertaerak eragozteko ezer egin eta etxebizitzan bertan bizitzea ahalbidetu dabelako.

Bestalde, atxilotutako 27 urteko gizona ezkontzeko gizakien salerosketagatik eta adingabeari sexu-erasoa egiteagatik ikertzen ari dira. Gainera, pertsona honek atxilotzeko eta aurkezteko agindu judizial bat eukan indarrean beste prozedura bat dela eta.

Ikerketak zabalik jarraitzen dau

Kasu hau ez da hemen amaitzen. SECICek zabalik dauka ikerketaren beste adar bat, haurraren aitatasuna egozten jakon 17 urteko gazte bati buruz. Berari ere adingabeari sexu-erasoa egitea egozten jako eta une honetan polizia-kudeaketak egiten ari dira bera topatzeko.

Europako jatorria daukien hiru atxilotuak epailearen eskuetan geratu dira, polizia-eginbideak amaitu eta gero. Tartean, adingabea Bizkaiko Foru Aldundiko Haurtzaro Zerbitzuen tutoretzapean eta babespean geratu da dagoeneko, bere segurtasuna eta babesa bermatzeko neurri guztiak hartuz.

Ikerketak zabalik jarraitzen dau eta ez da baztertzen datozen orduetan jarduera gehiago egotea.