Gizonei zuzenduta zaintzarako sukaldaritza tailerra Bermeon

Bermeoko Udalak Zaintzarako sukaldaritza izeneko tailerra antolatu dau, gizonei zuzenduta. Jarduera Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean egingo da, zezeilaren 26an eta martiaren 5ean, 18:00etatik 20:00etara.

Tailer praktiko honek sukaldaritza izango du abiapuntu, baina helburua ez da errezetak ikastea soilik. Sukaldearen bidez, umeen eta adinekoen zaintzarekin lotutako eguneroko erronkez hausnartzeko aukera eskainiko da, elikadura osasungarria modu erraz, azkar eta errealistan antolatzeko tresnak eskainiz.

Saioetan, parte-hartzaileek etxean erraz errepikatu daitezkeen errezetak prestatuko dituzte, “plater osasuntsuaren” oinarria ezagutuz, eta elikagai nagusiak, proteinak eta barazkiak modu orekatua eta praktikoan uztartzeko moduak landuko dabez. Halaber, erosketa eta eguneroko antolaketa errazteko trikimailuak azalduko dira, denbora aurrezteko eta elikadura-ohitura osasungarriak sendotzeko.

Sukaldaritza-lanarekin batera, tailerra elkarrizketarako eta elkar-entzunerako gune modura ere pentsatua dago. Parte-hartzaileek esperientziak partekatu, ikasi eta elkarrekin hausnartzeko aukera eukiko dabe: nola bizi da aitatasuna egunerokoan, zer gertatzen da zaintza gure gain hartzen dugunean, eta nola eraldatzen diren harremanak ardura horiei lekua egiten dautsegunean.

Tailerra Samurrak Elkarteko kide Aritz Resines Ruizek eta Onekin Nutrizioko Andrea Larrea Garcia eta Nahia Zeziaga Bengoa nutrizionistek gidatuko dabe. Diziplina osagarrietatik abiatuta, nutrizioari, zaintzari eta eguneroko bizitzari lotutako ikuspegi praktikoa eskainiko dabe, teoria eta sukaldaritza-lan praktikoa uztartuz.

Bermeoko Udaleko Berdintasun Saileko zinegotzi Arantza Ormaza Tarantinok herriko gizonak parte hartzera animatu dauz: “Zaintza egunerokoan egiten diren keinu txikietan hasten da, eta elikadura horietako bat da. Tailer honek gizonentzako espazio atsegin eta segurua eskaintzen dau, sukaldean trebatzeaz gain, zaintzari buruz pentsatzeko eta elkar entzuteko. Bermeoko gizonak animatu nahi doguz pausoa ematera”.

Antolatzaileek gogorarazi dabe parte-hartzaileek amantala eta tupperrak ekarri beharko dabezela, tailerrean prestatutako jakiak etxera eroan ahal izateko.
Izen-emotea zabalik dago, interesa izan ezkero Berdintasun sailarekin harremanetan jarri behar da berdintasuna@bermeo.eus emailean edo 688 638 449 telefonoaren bidez.