Gernika-Lumoko Udalak diruz lagunduko dau Mendoza hiriko La Gloria auzoan dagoen tamaina errealeko erreprodukzinoa berriztatzeko beharretan.
Duela 18 urte, Pablo Picassoren Guernica ezagunaren tamaina errealeko erreprodukzinoa margotu eben Argentinako Mendoza hiriko La Gloria auzoan. Urte hauetan guztietan, narkotrafikoak eta indarkeriak gogor kolpatutako auzo honetan, erresistentziaren eta elkartasunaren ikur bihurtu da kaleko mural erraldoi hau.
Orain, Gernika-Lumoko Udalak iragarri dau babes ekonomikoa emango dauala margolana zaharberritzeko lanetan. Datorren irailean egingo dira zaharberritze lanak, denboraren igaroak kalte handiak eragin dabezelako jatorrizko margoan.
Arte Komunitarioa eta Manu Chaoren lotura
Carlos Muñoz, Luis Sanjurjo eta Cecilia Nievas artistek astebetean osatu eben lana bere garaian. Irakurgailu eta liburutegi herrikoiko auzokideek be parte hartuko dabe irailerako aurreikusitako lanetan, hasierako espiritu komunitarioari eusteko asmoz.
Interbentzio honek historia eta lotura berezia dauka, Manu Chao musikariak be babestu zuelako auzoa bere garaian, bertan kontzertu bat eskainiz liburutegia zabaldu ahal izateko.
Proiektu honen bidez, 1937ko bonbardaketa jasan eban herriaren eta milaka kilometrotara dagoen komunitate baten arteko zubia sendotuko da berriro be, arteak indarkeriaren eta bazterkeriaren aurka daukan indarra agerian utziz.



