Bermeoko, Mundakako eta Sukarrietako hamalau establezimenduk aintzatespena jasoko dabe datorren astelehenean, martxoaren 16an, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko egindako aurrerapausoengatik. Eskertza ekitaldia 20:00etan izango da Bermeoko Toki Alai tabernan (Aurrekoetxea 14), eta hiru udalerrietako ordezkariek parte hartuko dabe bertan.
Aitortza horren bidez, udalek nabarmendu nahi dabe tokiko establezimenduek euskararen presentzia eta erabilera indartzeko erakutsitako konpromisoa. Guztira, 70 establezimendu inguruk parte hartu dabe Eskueran egitasmoan, eta asteleheneko ekitaldian horietako hamalauk jasoko dabe beren ahalegin eta aurrerapenen aitortza, hau da, gehien nabarmendu direnak.
Eskueran egitasmoa 2023an jarri eben abian Bermeoko, Mundakako eta Sukarrietako udalek, Behargintza eta Turismo bulegoaren elkarlanarekin. Proiektuak, gainera, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa dauka, dirulaguntza emonez. Ekimenaren helburua da tokiko eremu sozioekonomikoan euskararen presentzia sendotzea, bereziki merkataritzan, ostalaritzan eta bestelako jarduera ekonomikoetan hizkuntza praktikak sustatuz.
Horretarako, hiru ardatz nagusi daukaz egitasmoak: euskararen egoera ezagutzea eta hizkuntza-praktika berriak indartzea; bezero euskaldunek hizkuntza aldatu beharrik ez izatea; eta baliabide egokiak eskainiz, establezimenduei euskararen erabilera handitzeko tresnak ematea. Horrez gain, Euskaraz barra-barra ikurra zabaltzea ere badu helburu: Euskaraz barra-barra ikurraren helburua kontsumitzaileak erdigunean jartzea da; izan ere, marka ezartzen duten establezimenduetan, bezeroek euskara erabili ahal izatea bermatuta izan behar dute.
Egitasmoaren garapenean, Ahize-AEK-ko teknikariak establezimenduetara hurbildu dira proiektuaren nondik norakoak azaltzera eta euskararen erabilera sustatzeko neurriak adostera. Horren ondoren, parte hartu daben negozio askok urratsak egin dabez euskara beren eguneroko jardunean txertatzeko, eta udalek konpromiso hori aitortu nahi izan dabe orain.
Eskueran ekimenaren beste helburu bat, merkatarien, tabernarien, ostalarien, enpresen eta langileen arteko lankidetza indartzea, baita euskal hornitzaileen eta bezeroen arteko sareak aktibatzea ere. Era berean, herritarren hizkuntza-eskubideak aitortu eta errespetatzea sustatu nahi dau, eta euskararekiko motibazioa eta sentsibilizazioa handitu gizartean.
Sustatzaileen arabera, “funtsezkoa” da lanaren garapena euskararekin lotzea. Eskualdeko errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta, hiru udalerriek uste dabe eskualdearen garapen ekonomiko eta soziala euskararen bidez ere eraiki behar dela. Haien esanetan, “euskarak balio erantsia ematen dautso lan munduari”, eta eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko ezinbestekoa da erakundeen, enpresen eta gizarte-eragileen arteko lankidetza, baita herritarren parte-hartze aktiboa ere, bezero edo kontsumitzaile moduan denda eta tabernetara joaten direnean, euskaraz eginez.
Asteleheneko ekitaldiaren bidez, hiru udalek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak berretsi nahi dabe tokiko enpresek eta establezimenduek zeregin garrantzitsua daukiela euskararen normalizazioan, eta bide horretan egindako urratsak publikoki aitortu.





