Gernika-Lumoko Udalak informazio-gune berezi bat zabaldu dau Domingo Alegria plazan. Ekimen honen helburua argia da: herritarrei gertutik erakustea zer nolako lanak eta neurriak eroan daben udalerria hiri-garbitasunean eta ingurumen-kudeaketan erreferente nagusi izatera. Erakusketak indar berezia jartzen dau Platinozko Erratsa sari barrian; Ategrus elkarteak zerbitzuen kalidadeagaitik emoten dauen kidegorik altuena da hau, eta gure herriak barriro irabazi dau.
Plazan bertan jarritako panelek eta bideo dibulgatzaile batek argi eta garbi azaltzen dabe azken urteotan jasangarritasunaren alde egin dan ahalegina. 2014tik hona lau sari lortu ditu Gernika-Lumok: urte horretan Urrezko Erratsa jaso eban, eta ostean, 2018an, 2022an eta orain gutxi, 2025ean, Platinozko Erratsa barriro ere jaso dau.
Sari hau ez da kasualidadea izan. Domingo Alegria plazara hurbiltzen direnek xehetasun osoz ikusi ahal izango dabe zergaitik lortu dan arrakasta hau. Besteak beste, alde zaharrean zero igorpeneko garbiketa-eremua jarri da martxan, makineria eta ibilgailu elektriko barriak erosi dira, eta gaueko bilketa kendu da zarata gitxitzeko. Horrez gain, Eko Puntu Mugikorra eta klima-aterpeen sarea be martxan dagoz herritarren bizi-kalidadea hobetzeko. Erakusketa dohainik bisitatu ahal izango da datozen egunetan.



