Ibarrangeluko Udalak egun osoko irteera kultural eta naturala prestatu dau datorren urriaren 10erako, herritarrak Orduñako eta inguruetako txokurik erakargarrienak ezagutzera emoteko. Egitarau zabal honek ondarea, gastronomia eta natura uztartuko dauz, bizilagunen arteko elkarbizitza eta gozamena ardatz izanda.
Autobusa goizeko 09:00etan irtengo da Elizaldetik. Lehenengo geldialdia 10:30ean egingo dabe Antiguako Andra Mariaren Santutegian, eta ondoren Orduñako Alde Zaharreko bisita gidatuaz gozatzeko aukera egongo da bertako historia eta kale xarmangarriak gertutik ezagutzeko.
Bazkari herrikoia eta ibilaldia Nerbioiko ur-jauziraino
Eguneko geldialdi nagusietako bat 15:30ean izango da Delikako ‘El Infierno’ jatetxean, bertan egingo baitabe taldeko bazkaria. Indarrak berriztu ostean, 17:30ean Delikatik Nerbioi ur-jauzira oinez joateko aukera eskainiko da, inguruko naturaz eta paisaia ikusgarriez gozatu nahi dabenentzat. Ibarrangelura itzulera 19:30ean egingo da.
Irteeraren prezioa 60 eurokoa da. Parte hartu nahi daben herritarrek kultur etxean emon beharko dabe izena (10 euroko fidantza utzita). Izena emoteko azken eguna urriaren 1a izango da.



