Gernika-Lumoko Kultur Etxeak udarako egitarau berezi eta erakargarria jarri dau martxan, liburuak eta irakurzaletasuna gure herriko kaleetara eroateko asmoz. Ekimen honen bidez, kulturara heltzeko aukerak erraztu nahi dira, oporretan aisialdi osasuntsu eta aberasgarria eskainiz herritarrei.
Uda sasoian herriko plazak ekintzez betetzen diran bitartean, liburutegiak ere bere hormak gainditu eta kanpora urtengo dau. Proiektu barri honek bi proposamen nagusi daukaz ardatz: auzoetan zehar ibiliko dan liburutegi ibiltaria eta Foru Plazako arkupeetan egokituko dan irakurtzeko gunea.
Letren Etxea auzoetan eta Liburutegia plazara
Lehenengo ekimena “Letren Etxea” izeneko liburutegi ibiltaria da, herriko hainbat auzotara zerbitzua hurbilduko dauena. Gune honetan adin guztietarako liburuak, egunkariak, aldizkariak eta mahai-jokoak egongo dira eskura, astelehenetik barikura, goizez 11:30etik 13:30era eta arratsaldez 17:30etik 19:30era.
Ibilbide hau Santa Luzia auzoan hasi da dagoeneko, eta bertan egongo da uztailaren 24ra arte. Ostean, San Juan Ibarrara aldatuko da uztailaren 27tik abuztuaren 7ra arte, eta Lorategietan amaituko dau bere ibilbidea udaren amaieran, abuztuaren 19tik 31ra arte.
Auzoetara bisita bakoitzagaz batera, ume eta familientzako ipuin-kontalari saio bereziak antolatu dituzte herrian. Panpurrio Sorgiña arduratuko da saio honegaz: uztailaren 27an San Juan Ibarran izango da, eta abuztuaren 19an Lorategietan, arratsaldeko 18:00etan bietan.
Kultura eta irakurzaletasuna herritarren eskura
Ziortza Bilbao Kultura eta Euskara zinegotziak azpimarratu dauenez, helburua liburutegia herritarrengana hurbiltzea da, oporretan ere kultura presente egoteko. Bere esanetan, ekimen honegaz aisialdi kulturalerako alternatiba polita eskaintzen da herriko auzoetan.
Bigarren proposamena “Liburutegia plazara” da, Kultur Etxeko arkupeak liburutegi publikoaren luzapen bihurtuko dauzena. Gune honetan liburuak erraz irakurri eta kontsultatu ahal izango dira, astelehenetik barikura bitartean, goizeko 10:00etatik 14:00etara, irailaren erdialdera arte.
Azkenik, egitarau hau borobiltzeko, lehenengo solairuan dagoen Libuterraza gunea ere zabalik egongo da uda osoan zehar. Leku lasai honek deskonektatzeko eta kanpoko airean irakurtzeko aukera bikaina eskainiko dau, eguraldi onak irauten dauen bitartean.



