Gautegiz Arteagako Udalak beste urrats esanguratsu bat emon dau herriko auzoak hobetzeko eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko bidean. Auzo-batzarren bidez egindako lanari eta herritarren parte-hartze zuzenari esker, Isla Bekoako bide berde berria eta zebrabidea errealitate bat dira dagoeneko.
Azpiegitura berri honek auzotarren eguneroko joan-etorriak askoz seguruagoak egitea dauka helburu. Horrez gain, udalerrian mugikortasun jasangarriagoa bultzatzeko eta herrigunearen eta auzoen arteko lotura berdeak indartzeko apustu garbia ordezkatzen dau.
Auzo-batzarrak, gertuko konponbideak lortzeko giltza
Udaletik bereziki azpimarratu gura izan dabe auzo-batzarrek dauken garrantzia herriko proiektuak aurrera ateratzeko orduan. Konpromisoa argia dela gogoratu dabe: auzo guztien eskaerak entzutea eta erantzun zehatzak emotea, inor atzean utzi barik.
Herritarren ahotsari eta lankidetzari esker, gertuko arazoei konponbide azkarrak emoten jarraitzen dau Udalak, eta eskerrak emon deutsie auzotar guztiei gure herria eta auzoak elkarlanean hobetzen jarraitzeagatik.



