Jon Koldo Bikandi iurretarrak berriro nagusitasuna erakutsi dau Urriaren Lehenengo Asteleheneko lehiaketan

Iurretako abeltzainak irabazi dauz abeltzaintza onenaren, behi heldu onenaren eta zezen gazte onenaren sari nagusiak Gernika-Lumoko erakustaldi arrakastatsuan.

Urriaren Lehenengo Asteleheneko ganadu azoka tradizionalak 39. edizioa ospatu dau gaur, berriro be lehen sektoreak Gernika-Lumon daukan hitzordu garrantzitsuenetako bat dela erakutsiz. Eguraldi zein giro bikainagaz, piriniotar arrazako lehiaketak nekazari, abeltzain eta lehiaketa zale ugariren ikusmina piztu dau beste urte batez.

Edizio honetan be, Jon Koldo Bikandi iurretarra izan da txapelketako protagonista nagusietako bat. Urtez urte erakutsitako maila altuari eutsiz, hiru garaikur nagusi eraman dauz etxera: abeltzaintza onenaren saria, behi heldu onenaren saria eta zezen gazte onenaren saria. Garaipen honegaz, Iurretako abeltzainak sendotu egiten dau azoka ospetsu honetan daukan ibilbide arrakastatsua.

Sari nagusiak, ostera, oso banatuta egon dira beste kategoria batzuetan. Behi gazte onenaren saria Nafarroako Uztarroz abeltzaintzak eraoan dau; zezen heldu onenaren garaikurra, ostera, Gipuzkoako Aitor Arana abeltzainarentzat izan da.

Lehiaketak azokako gunerik bisitatuenetako bat izaten jarraitzen dau, gure autoktono diren arrazen kalitatea eta sektorearen bizitasuna bertatik bertara ezagutzeko aukera paregabea eskainiz.