Ate irekien jardunaldia antolatu dau Kidenda Bermeok domeka honetan, eguerdiko 12:30ean, Santa Eufemia parrokian. Hitzordu honegaz, herrian daroiezan hogei urteko boluntario lana ospatu eta Herritarrei Bidezko Merkataritzaren proiektua gertutik ezagutzeko aukera emon nahi deutsie.
Kidenda Euskadiko Bidezko Merkataritzaren sarearen parte da. Gaur egun, Bizkaiko 22 udalerritan barreiaturiko 140 boluntario baino gehiago daukaz sareak, eta Bermeon bertan zortzi lagun aritzen dira gogor beharrean giro hurbil zein konprometituan. Talde honen helburu nagusia da herritarrak sentsibilizatzea Bidezko Merkataritzak mundu mailan bultzatzen dauan bideaz: ekonomian, gizartean zein ingurumenean bidezkoagoa izango den gizarte baten alde egitea.
Azken ikasturteko datuek argi erakusten dabe bermeotarren erantzun ona: 2025/26 ikasturtean 5.665 euroren produktuak saldu dabez, hau da, aurreko urtean baino % 25 gehiago. Salduenen artean txokolateak eta mermelada ezberdinak dira izar nagusiak, nahiz eta eskaintza zabala eta anitza euki aukeratzeko.
Datu pozgarri hauen aurrean, eskerrak emon nahi deutsie elkartasun bide honetan lagundu deutsen pertsona eta erakunde guztiei: Bermeoko Udalari, Berton merkatarien taldeari, hilabeteko hirugarren domekero familiako mezara hurbiltzen direnei, Azoka Egunetan (Santa Eufemia, San Martin zein Gabonetan) parte hartzen dutenei eta Sagrado Corazón ikastetxeari.
Gainera, taldeak ateak zabalik daukiezela gogorarazi dau: doako eta bidezko ekimen honetan parte hartu nahi dauan borondate oneko pertsona orori harrera beroa egingo deutsie.
Bidezko Merkataritzaren oinarrizko printzipioak:
-
Giza eskubideak eta lan-eskubideak errespetatzea: Bidezko soldatak, lan-baldintza seguruak, haurren esplotazioaren kontrako borroka eta genero berdintasuna bermatzea.
-
Jardunbide bidezkoak: Merkataritza-harreman egonkorrak sustatzea, sindikatzeko askatasuna bermatzea eta erabakiak modu demokratikoan hartzea.
-
Ingurumena zaintzea: Ekoizpen ekologiko eta naturagaz errespetuzkoak direnak babestea eta bultzatzea.



