Langabezian dauden 12 pertsona kontratatuko dabe Gernika-Lumon

Gernika-Lumoko Udalak Herrilan programaren edizio berri bat jarriko dau abian. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin eta Lanbide Ekimenak Ekimen Profesionalen Zentroarekin elkarlanean garatutako ekimena, sei hilabetez hamabi langabe kontratatzeko aukera emango dau.

2026ko martxotik abuztura bitartean aurreikusitako kontratazioak lanaldiaren % 75ean egingo dira, eta lehentasunezko arretako pertsonentzat izango dira. Lanbidek izen hori erabiltzen du enplegua lortzeko zailtasun handienak daukiezan kolektiboei erreferentzia egiteko, hala nola iraupen luzeko langabeentzat edo diru-sarrerak bermatzeko errentaren onuradunentzat.

Kontratatutako pertsonek udal-brigadari laguntzeko lanak egingo dabez, batez ere udalerriko hainbat gunetako espazio publikoaren mantentze-, lorezaintza- eta garbiketa-lanetan.

Lan-etorkizuna hobetzeko kontratua eta prestakuntza programa hau ez da aldi baterako kontrataziora mugatzen. Parte-hartzaile bakoitzak 120 orduko talde-prestakuntza jasoko dau, 40 orduko pinturan, 20 orduko lorezaintzan eta 60 orduko gizarte-trebetasunetan banatuta. Horrez gain, sei orduko orientazio indibidualizatua ere jasoko dau, bere gaitasun profesionalak indartzeko eta ondoren laneratzea errazteko.