Mañuko Karmen jaiak prest dagoz Bermeon tradizinoari eta auzo-bizitzari eusteko

Uztailaren 16tik 18ra bitartean, Bermeoko Mañu auzoak hiru eguneko egitarau zabala hartuko dau aurtengo Karmen Jaiak ospatzeko. Jai honeek tradizinoa, gastronomia, musika eta herri kirolak buztartuko dabez, auzoko bizilagunak eta inguruko bermeotar guztiak alkarregaz batzeko asmoagaz. Antolatzaileek herritar guztiak deitu dabez parte hartzera, auzolana eta alkarkidetzea ardatz daukazan jai giro berezi honegaz gozatu deien.

Jaiak gaur bertan, uztailaren 16an, Karmen Egunean, hasiko dira txupinazoagaz eta goizeko meza nagusiagaz. Egunean zehar umeentzako jolasak eta gaztelu puzgarriak egongo dira, eta arratsaldeko mezaren ostean, Sustabizen herri kirol erakustaldi indartsua ikusteko aukera izango da, aizkora, harri-jasotzea, trontza eta ingude jasotzeagaz. Trikitilariak ibiliko dira auzoa girotzen egun osoan zehar, jaiari hasiera bikaina emoteko.

Hurrengo egunean, uztailaren 17an, gastronomiak eta herri kirol tradizionalek hartuko dabe lekukoa auzoan. Iluntzeko zortzietan makailoa dastatzeko aukera egongo da trikitiaren doinuak lagunduta, eta ordubete geroago zaldi-proba erakustaldi ikusgarria egingo da.

Jaiak zapatuan, uztailaren 18an, amaituko dira gastronomia lehiaketa nagusiagaz. Arratsaldean zabalduko dabe izen-ematea VIII. Tortilla Txapelketan parte hartzeko, eta bitartean DJ Bogdan Ruma arduratuko da giroa berotzeaz. Tortillak aurkeztu eta epaimahaiak balorazinoa egin ostean, gaueko zortzi t’erdietan egingo da sari-banaketea, non irabazleek diru-sariak eta otzarak jasoko dituen. Eguna eta jaiak borobiltzeko, boletoen zozketea egingo da auzoan.