Marco Topo izeneko maskota Gernika-Lumoko kaleetan ibiliko da familiak herria modu dibertigarrian ezagutzera gonbidatzen dauen jolas bat aurkezteko. Hezkuntza-proposamen honek 6 eta 12 urte bitarteko umeentzako bisita autogidatua eskaintzen dau, herriko txokorik esanguratsuenetan probak eta geldialdiak eginez.
Datorren hilaren 27an, irribarre zabala dauen sator txiki baten itxurako panpina herriko leku ezagunenetatik ikusi ahal izango dogu. Marko Topo da, familien bisita abentura bihurtu gura dauen jolasari izena emoten deutson pertsonaia. Helburua argia da: oinez ibili, galderak erantzun eta herria beste begi batzukaz ikustea.
Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak bultzatutako ekimen hau aurkezteko, maskota hainbat lekutan egongo da: Turismo Bulegoan bertan, Foru Plazan, Jai Alai frontoian, zesta-puntara be hurreratuko da!, Batzar Etxean, Bakearen Museoan eta Euskal Herria Museoan.
Zelan jolasten da?
Marko Topo proiektuak esperientzia interaktibo bihurtzen dau bisita. Familiek doako kit bat jaso ahal dabe Turismo Bulegoan; bertan herriko mapa bat, pegatinak eta mugikorrean edo tabletan jolasa aktibatzeko kode bat topatuko dabe.
Behin martxan jarrita, Marko Topo eta bere arreba Martagaz batera, mapako puntuetara joan eta herriko historiari zein bitxikeriei buruzko galderak erantzun beharko dabez. Erronka bakoitza gainditzean, abenturan aurrera egin eta liburuxka pegatinagaz osatzen joango dira.
Helburu nagusia Flopiak askatzea da, Topo Locok (abenturako maltzurrak) bahitutako izakiak. Paperezko euskarriaren eta teknologiaren arteko nahasketa hau gero eta gehiago erabiltzen da museoetan, ondarea umeei hurreratzeko.
Familia-turismoa indartzen
Ekimen hau ez da kasualitatea. Turismo Bulegoaren datuen arabera, 2025ean Gernikara etorri ziran bisitari estatukoen erdia baino gehiago familian etorri ziran. Horregaitik, adin guztietara egokitutako kultur proposamen parte-hartzaileak eskaintzea funtsezkoa da herriarentzat.
Maskota kalean ikusteak herritarrak eta bisitariak animatu gura ditu parte hartzera, herriko historia ezagutzea abentura handi bat izan leitekeela erakutsiz.





