Mundakako Alkartasun Gizarteak eta Mundakako Udalak antolatuta, ekitaldi berezia eta sakona egongo da bihar, barikua, arratsaldeko 19:00etan, herriko Kasinoan. Mikel Renteria Walk On Project (WOP) alkartearen zuzendariak hitzaldi-solasaldia eskainiko dau bizitzaren mugen, erronken eta benetan inportantea denaren inguruan hausnartzeko.
Saio honetan, gainera, “Arriesgarse a vivir” filma proiektatuko da. Ikus-entzunezko lan honek hauskortasuna, gainditzea, arriskua eta zoriontasunaren bilaketa jorratzen dauz, eta hainbat mendizale eta esploratzaile ezagunen testigantzak biltzen dauz, hala nola Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo, Mikel Zabalza edota Nives Meroi, WOP fundazioaren familiagaz batera.
Topaketari amaiera borobila emoteko, zuzeneko musika egongo da aretoan bertan. Mikel Renteriak berak, WOP Band taldeagaz batera, kontzertu txiki bat eskainiko dau, arratsalderako giro berezia sortuz eta bertaratutako guztiei esperientzia oso bat eskainiz.
Ekimen honek Mundakako kultur agenda aberasteaz gain, Walk On Project fundazioak gaixotasun neurodegeneratiboen ikerketaren alde egiten dauan lan ikaragarria gertutik ezagutzeko eta laguntzeko aukera paregabea eskaintzen dau.



