Morgak bere jai nagusiak ospatuko dauz datorren asteburuan, Pataterrixe Kultur Elkarteak antolatuta. Uztailaren 24tik 26ra bitartean, adin guztietarako ekintzak prestatu dabez auzotarrek eta ingurukoek jai giroaz gozatu ahal izateko.
Bariku iluntzean hasiko da jaia, uztailaren 24an, iluntzeko 20:00etan botako den txupinazoagaz eta ostean egingo den poteo musikatuagaz. Gaua borobiltzeko, 22:00etatik aurrera kontzertu gau indartsua egongo da, eta oholtza gainean Mixerabliak, 48280 eta DJ Latzaz arituko dira giroa berotzen.
Zapatua, uztailaren 25a, egun handia izango da, Sukalki eta Mozorro Egunagaz, aurten gainera Olimpiadak gai nagusitzat hartuta. Goizeko 12:30ean meza nagusia egongo da eta ostean trikitilariek alaituko dabez bazterrak, 14:00etan sukalki txapelketari eta herri bazkariari bidea emoteko. Arratsaldean, 17:30ean, bingoa eta sukalki zein mozorroen sari banaketa egingo dira, eta indarrak berritzeko taloak egongo dira 20:00etan, Eingo eta Errota taldeek girotuta.
Jaiak amaitzeko, domekan, uztailaren 26an, goizeko meza eta trikitilarien ostean, 13:00etan tortilla txapelketa jokatuko da. Arratsaldea umeentzako jolasekin hasiko da 17:00etan, eta jaiei amaiera ona emateko, 19:00etan diskodantza egongo da DJ baten eskutik, 20:00etako txokolatada eta rifa zozketagaz batera.



