Lanean hasteko edo lan-aukerak hobetzeko aukera barria daukie eskura Busturialdeko herritarrek. DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak Anezka eta Emalan+45 programak jarri dabez martxan, enplegu-eskatzaileei orientazioa, prestakuntza eta enpresekiko harreman zuzena eskaintzeko asmoz.
Anezka programa enplegu-eskatzaile guztiei zuzenduta dago. Talde heterogeneoetan antolatuta, 15 asteko iraupena dauka eta astean bi goizeko saio egingo dira, aurrez aurre zein online. Egitasmo honetan enplegua bilatzeko tresnak, enpresekin harremanak bultzatzeko laguntza eta ekintzailetza aukerak sakontzen dira.
Bestalde, Emalan+45 egitasmoa erantzukizuneko lanpostu kualifikatuetan esperientzia daukaten 45 urtetik gorako emakumeei bideratuta dago. Sei hilabeteko iraupena dauka eta orientazio pertsonalizatua, enpresen prospekzioa zein esperientziadun emakumeen sare bat sortzea dautza ardatz.
Mundakako Udalak herritarrak animatu gura dauz egitasmo hauetan parte hartzera. Izen-ematea irailaren 30era arte egongo da zabalik dema.eus webgunean edo 944 189 055 telefonora deituta.



