Mundakak San Juan eta San Pedro jaiak aurkeztu dauz, tradizinoz eta herri giroz beteriko egitarauagaz

Mundakako kaleak jai giroan murgiltzeko prest dagoz dagoeneko. Udalak herritar eta bisitari guztiak gonbidatu gura dauz ekainaren 23tik uztailaren 5era ospatuko diran 2026ko San Juan eta San Pedro jaietan parte hartzera. Aurtengo egitarauak tradizinoa, kulturea, kirola, musikea eta herri giroa uztartzen dauz, adin guztietako mundakarrek jaiak elkarregaz gozatu ahal izateko.

Jaiak hasi aurretik, Udalak San Pedro jaiak iragartzeko kartel ofiziala aurkeztu dau, lehiaketa publiko bidez aukeratua izan dena. Ane Izaola Gondra da lan irabazlearen egilea, eta bera arduratu da aurtengo jaiak irudikatzeaz kartel fin horren bidez.

Txupinazoa ekainaren 27an

Jaiak San Juan bezperako ohiko ekitaldiekin hasi dira eta hurrengo egunetan be ekitaldiak egongo diran arren, jaien gailurra eta hasiera ofiziala ekainaren 27an, zapatua, gaueko 21:00etan helduko da, txupinazoagaz eta ondorengo pregoiagaz. Egun horri amaiera borobila emoteko, Mundakako ohitura esanguratsuenetako bat biziko da: goizaldeko 3:00etako alborada, herriko kaleetan zehar egun handien etorrerea iragarriz ibiliko dena.

Egitarau oparoa eta San Pedro Eguna

Hurrengo egunetan ez da aspertzeko astirik egongo Mundakan, mota guztietako ekintzak antolatu baitira:

  • Izaro-Mundaka igerian zeharkaldia.

  • Sukalki Eguna, herri bazkaria eta herri kirolen erakustaldiak.

  • Itsasoaren Jaia, Adinekoen Eguna eta Haurren Eguna.

  • Kontzertuak, erromeriak, kalejireak, play-back emanaldiak eta uretako jolasak.

Ekitaldi guztien artean, San Pedro Eguna izango da jaien ardatz nagusia. Egun handi horretan, Meza Nagusia, prozesinoa, Ohorezko Aurreskua eta herriko plaza girotuko daben ekitaldi herrikoiak izango dira protagonista nagusiak, herriko nortasuna agerian utziz.

Elkarlana eta errespetuzko jaiak

Mundakako Udalak bereziki eskertu gura izan dau jaiak posible egiten dabezan herriko elkarte, talde, boluntario eta herritar guztien lana. Euren inplikazinoari esker, San Pedro jaiak herriaren elkarlanerako gaitasuna erakusten dauen ospakizun indartsua bihurtzen dira urtez urte.

Azkenik, Udalak dei berezia egin dau jaiak errespetuz, berdintasunez eta elkarbizitzaren balioetan oinarrituta bizitzeko, indarkeria matxistarik gabeko jai-giro segurua eta erosoa guztion artean sustatzeko.