Mundakako Udalak herriko kaleak garbitzeko eta zaborrak batu eta eroateko zerbitzua lizitatu dau 423.874,56 euroko aurrekontuarekin. Helburu nagusia herriko kaleak txukun-txukun eukitea eta sortzen diran hondakinak modu eraginkor eta jasangarrian kudeatzea da.
Baldintza-orri teknikoak zehatz-mehatz jasoten dauz enpresa fitxatuko dabenak egin beharko dabezan lanak. Kaleak garbitzeari jagokonez, oinarrizko eginbeharrak eskuzko ekorketea gurditxoagaz, espaloi eta galtzadetako ekorketa mekanikoa, eta oinezkoen guneetako ur-garbiketa sakona izango dira. Kontratu honen puntu garrantzitsu bat sasoian sasoiko indartzea da, batez be Aste Santuan eta udan (ekainaren erdialdetik irailaren erdialdera), sasoi horretan Mundakak turista asko hartzen ditu-eta.
Edukiontziak eta birziklapena
Beste alde batetik, batze-zerbitzuak frakzino hauek hartuko ditu: errefusa, organikoa, eta papela eta kartoia. Udalak berak jarriko dauz edukiontzi barriak, baina lehiaketara aurkezten diran enpresek edukiontzi horreek non ipini proposatu beharko dabe. Horrez gain, papela eta kartoia Ecoembesi lotutako birziklatze-biltegi baimenduek hartuko daben konpromisoa agirien bidez frogatu beharko dabe. Hondakin horreek saltzetik ataratako dirua zuzenean udal-kutxara joango da.





