Muruetak irailaren 8tik 13ra bitartean ospatuko dauz Andra Mari jaiak

Muruetak prest dauka egitaraua irailaren 8tik 13ra bitartean ospatuko diran Andra Mari jaiei harrera egiteko. Herriko jai batzordeak eta Udalak ekintzaz betetako egunak antolatu dabez adin guztietako herritarrak eta bisitariak bueltan batu eta giro bikainean gozatzeko.

Eskualdeko ohitura eta tradizioei eutsiz, irailaren 8an (martitzena), Andra Mari Egunean, emango jake hasiera ofiziala jaiei. Goizeko 11:30ean hildakoen aldeko meza igande ondoren, hamaiketakoa, boloak eta bingoa egongo dira giroa berotzeko. Arratsaldean, umorea izango da nagusi Julen Axpe komikoaren “Furgonologo” saioagaz 19:00etatik aurrera.

Irailaren 9an, eguaztenez, meza nagusia eta Muruetako herriari ohorezko aurreskua eskainiko jako goizean. Arratsaldeko 19:00etan, ostera, goi mailako esku pilota erakustaldia egongo da. Gernikako Arkupe Sustabiz Kirol Elkarteko gazteen 4 partidurekin batera, lehen mailako 4 1/2ko partidua jokatuko dabe Aitor Etxebarriak eta Gaizka Karregalek (egungo Bizkaiko lau t’erdiko txapelduna).

Asteburuko gastro-lehiaketak eta herri kirolak

Asteburuan iritsiko da jaietako ekintza kopuru handiena. Irailaren 12an, zapatuan, sukaldaritza trebetasunak erakusteko aukera egongo da Paella eta Tortilla txapelketakaz. Paella txapelketarako izen-emotea 11:30ean zabalduko da, eta herri kirolen erakustaldiaren ondoren, 14:30ean egingo da sari banaketa (120€ eta txapela lehenengoarentzat). Arratsaldean, 17:00etan hasiko da tortilla lehiaketarako izen-emotea. Musikak ere bere lekua izango dau Obieta aita-semeen eskutik 19:00etatik aurrera, eta gauean Txapela Brava taldearen ikuskizuna egongo da 22:00etan. Briska txapelketa ere zapatu arratsaldean jokatuko da.

Irailaren 13an, domekaz, jaiak agurtzeko azken ospakizunak egingo dira. Goizeko meza eta euskal dantzen ostean, bertsolaritzak hartuko dau lehen lekua 13:30ean. Arratsaldean, umeentzako jolasak, goitibeheren jaitsiera zirraragarria (17:00etan) eta txokolatada gozoa egongo dira. Eguna amaitzeko, Mus txapelketa azkarra jokatuko da (izen-emotea 19:00etan) jaiei azken agurra emoteko.