Muruetako EAJ-PNVk balioan jarri dau herriko aurrekontu berrien onarpena, herrigintzan eta egitasmo estrategikoetan aurrera egiten jarraitzeko aukera emango dabe-eta. Jeltzaleen esanetan, kontu hauek kudeaketa erantzuntsu eta planifikatu bati erantzuten deutse, muruetarren gaur egungo zein etorkizuneko beharrizanei irtenbidea emoteko helburuagaz.
-
Eskola eta haurren eremuak: Eskolako egituraren indartzea amaitzea, Eleizaldeko haur parkea oso-osorik berritzea eta Larraben berri bat diseinatzea. Horregaz batera, auto elektrikoentzako karga-puntua jarriko da eskolaren aurrean.
-
Hirigintza eta bideak: HAPOaren izapidetzan aurrera egitea Muruetako Ontziolaren inguruan, Irukara eta Malloa bideak hobetzea, eta Eleizondo, Goierria zein Atxondoako baso-bidean konponketak egitea.
-
Zerbitzuak eta segurtasuna: Sukaldi udal tabernarako karpa proiektua, Torregana upategiaren finkatzea amaitzea, argiteria publikoa berritzen jarraitzea eta etxebizitza guztietan ke-detektagailuak jartzea.
Bestalde, jeltzaleek azaldu dabe oposizioaren proposamen bideragarriak barne hartu dabezela (Teileriko parkeko seinaletika hobetzea edo Aldai Etxeari buruzko azterketa historikoa, esaterako). Baina aldi berean, gogor kritikatu dabe Murueta Independiente Taldearen (MIT) jarrera, 45.000 euroko murrizketa proposatu dabelako zehaztasun tekniko eta ekonomikorik gabe. EAJ-PNVren ustez, “aurrekontu bat ezin da burutazioen bidez eraiki ;zorroztasunez eta erantzukizunez jokatu behar dogu”.



