Uztaila musikaz blai dator Gernikara, Arbolapean zikloaren 2026ko edizinoari esker. Berez, ekainaren 25ean ekingo deutse egitarauari, eta uztailaren 30era arte eguenero gozatu ahal izango da Gernikako taldeen doinuez. Sei kontzertu dira, beste horrenbeste talde, beti Seber Altube auditorioan, 20:00etan eta sartzea libre da. 2022an hasi zan Arbolapean antolatzen Gernika-Lumoko Kultur Etxea, pandemiak eraldatutako kultur eskaintzari bultzadatxoa emoteko asmoz eta, beraz, bosgarren aldiz egingo dabe aurten. Kultur Etxeko Kristina Aranak nabarmendu dauenez, udako giro ederra sortzen da emonaldien bueltan.
Aurtengo edizinoan sei kontzertu programau dozuez. Ze eratako taldeak dira?
Estilo guztietako taldeak pasau dira festibal honetatik, batez be rock eta pop erakoak dira gehienak baina danetarikoak egoten dira. Zuga izango da aurtengo lehenengoa (ekainaren 25ean) eta, ostean, Ziraun (uztailaren 2an), Sueder (9an), Naz (16an) eta Mikosis (23an) etorriko dira. Amaitzeko, Intensidades Ortega izango da geurean lehenengo aldiz (30ean), hau talde barria da eta ikutu elektronikoagoa dauka. Aitatu gura dot emakumez osotutako talde bi dagozala egitarauan, Naz eta Mikosis. Ziraun eta Mikosis oso ezagunak dira guretzat, ia edizino guztietan izan doguzalako programan.
Talde guztiak gernikarrak dira eta hori ez da kasualidadea.
Hau bosgarren edizinoa da eta, betiko lez, programazinoan egoteko baldintza nagusia da Gernika-Lumoko Kultur Etxeak emoten dauazan diru-laguntzetara aurkeztea. Baldintza hori bete ezkero emoten jake aukera festibal honetan parte hartzeko. Talde bakotxeko kide guztiak gernikarrak izatea ez da derrigorra, baina gitxienez % 50 izan behar dira, gure diru-laguntzen oinarrietan halan dakar. Gernikak musika tradizino zabala eta aspaldikoa dauka, esaterako hor dago Segundo Olaeta musika eskola, Arbolapean festibalean joten daben gehienek hor ikasi dabe. Beste musika eskola bi be badagoz herrian eta badogu harremana eurakaz. Izan be, gure helburu nagusietako bat beteten dau Arbolapean-ek, hau da, gure inguruko musika eskoletan ikasten dabizan gazte guztien artean, zelanbaiteko profesionaltasunera salto egin gura dabenei bultzada emotea, oholtza baten ganean jo deien laguntzea. Talde batzuek ez dabe inoiz bideo bat argitaratu edo ez dabe publiko aurrean kontzerturik emon eta guk lagundu egiten deutsegu, bildurrak kentzeko aukera emonaz. Arbolapean-i esker lehenengoz kontzertua emon daben taldeak ikusi izan doguz hurrengo urteko Gernikako jaietan joten.
Zuk zeuk aurtengo kontzerturen bat nabarmenduko zenduke, arrazoi bereziren bategaitik?
Egia esan, kontzertu guztiek daukie zeozer berezia, nabarmentzea merezi dabe danek. Intensidades Ortegak lehenengoz joko dau hemen eta hori bada berez aitagarria, Ziraunek disko barria atera dau oraintsu, lehen esan dot emakumez osotutako talde bi izango doguzala… Azken batean, danek daukiez euren arrazoiak programan egoteko.
Zelako publikoa egoten da kontzertuotan?
Danetarikoa dago, eguenetan dira kontzertuak eta momentu horretan jente asko egoten da kalean. Inguruan ibilten diran gazte asko hurreratzen dira, edo Pasealekuaren bueltan dagozanak be bai, edaria hartu eta etorten dira. Ganera, kontzertua joten daben musikarien gurasoak be egoten dira eta polita da hori, edade askotako jentea alkartzen dalako. Gazteak zein helduak, giro ederra eta familiartekoa sortzen da.
Gaur egun modan dagozan makrokontzertuen eredutik urrun zabize.
Musikaren munduan danetarikoa egon behar da eta nik ez dot esango makrokontzerturik egin behar ez danik. Baina egia da, beharbada, guri ez jagokula hori Kultur Etxean. Guk indarra egin behar dogu Gernikako taldeei bultzada emoten, izan antzerkikoak, musikakoak zein beste alor batzuetakoak. Azkenaldion, ikuskizun kultural asko makroikuskizun bihurtu dira eta, sarri, talde herrikoiak, txikiak, pixka bat baztertuta geratzen dira.
Arbolapean-en lehenengo edizinoan askotariko jarduerak antolatu zenduezen, baina gerora musika baino ez da geratu.
2022an hasi ginan, kalean gauza gehiago egiteko asmoz, ze orain erdi ahaztuta daukagu, baina pandemiaren eraginez ezin zan ia ezer egin aretoetan. Kultur Etxeak Elai Alai eta Lizeo aretoak kudeatzen ditu eta pandemiaren erruz horko ekitaldi asko ezin eginda geratu ginan. Uda etorri zanean otu jakun aire zabaleko programazino batean batzea aurreko hileetan egin ez zana. Aire zabaleko leku baten bila, pentsau genduan Pasealekua aproposa izango zala, udan futbol partiduak egoten dira, gazte asko ibilten da, tabernak hur dagoz… Holan hasi zan Arbolapean, baina egia da gero gauzak normaltzen joan zirala, aretoetan programazinoa berreskuratu dogu eta udako festibal honetarako musika baino ez genduan itxi, ikusten gendulako aproposagoa zala Seber Altube auditoriorako.
Hortaz, hasierako helburuak be aldatu egin dira, ezta?
Bai, aldatu dira, baina ez pentsau geinken beste. Pasetan dana da, pandemian sortu ziran ohitura batzuk geratu egin dirala, esate baterako, kalean gehiago ibilteko ohitura. Adibidez, nik esango neuke asteburu eguerdietan Gernikan dagoan anbientea orain dala urte batzuk ez zala egoten. Musikaren kasuan, kontzertuak kalera ateratzeko asmoagaz hasi ginan gu eta herriko musikariei laguntzearren be bai, batez be hasten egozanei. Gaur egun indarra hartu dau bigarren helburu horrek, diru-laguntzen bidez.
Gernika-Lumoko Kultur Etxearen egitarau zabalaren barruan, ze leku beteten dau Arbolapean-ek?
Urte osoko programazinoa daukagu eta uda sasoirako daukaguzan ekitaldien artean inportanteenetakoa da Arbolapean. Orain dala urte batzuk Udako Musika Jardunaldiak antolatzen genduzan Euskal Herria Museoko parkean. Proiektu baliotsua zan eta berreskuratu egin gura izan genduan Arbolapean-en bidez. Kontua da musika udan eta kalean eskaintzea, hori inportantea da guretzat.
Sarrera edo gonbidapenik behar da kontzertuetara joateko?
Ez, dana da libre, jentea sartu eta urten egiten da gura dauenean. Gernikako musikariak dira, gernikarrok disfrutetako. Esan dodanez, Pasealeku bueltan ibilten dan jente asko hurreratzen da eta aparteko giroa sortzen da. Naturaltasunez sortzen da giro hori, jentearen joan-etorriagaz. Ganera, hasieran ez hainbeste, baina gaur egun gernikarrek badakie uztaileko eguenetan musika daukiela auditorioan.
Arbolapean izenak ikutu sinboliko handia dauka, ezta?
Duda barik, Udako Musika Jardunaldiak Euskal Herria Museoko parkean hasi ziran eta, beraz, beti ibili gara Gernikako Arbolaren pean, zelan edo halan esateko. Izena horregatik erabagi genduan, Udako Musika Jardunaldiak izen generikoa zan eta, horri buelta bat emoteko, konturatu ginan auditorioa Batzar Etxearen azpian egoala gitxi gorabehera eta hortik sortu zan Arbolapean. Martin Elgezabal da gure diseinatzailea, logotipoa eta kartelak berak eginak dira, eta uste dot logoagaz bete-betean asmau ebala, hosto txikitxu batzuk agertzen diralako, Gernikako Arbolari erreferentzia eginaz.
Musikarien partetik igarten dozue interesa festibalean parte hartzeko?
Hasten dagozanen artean bai, badago interesa, aurten sei saio egingo doguz gero eta gehiagok emoten dabelako izena. Gero badagoz talde gernikar batzuk beste maila batean dagozanak, Euskal Herri osoan ezagunak dira eta kontzertu ugari emoten ditue, horreek ez dira gure programan sartzen. Gernikako musika eskolen bueltan ibilten diran musikari eta abeslariek bai, horreek interesa eukiten dabe, euretako askorentzat lehenengo aukera da publikoaren aurrean agertzeko. Ganera, familiakoak, lagunak, ezagunak eta abar joaten dira, giro aproposa da halako taldeentzat, lasaiago dagozalako.
Sei kontzertu daukaguz zain, beraz. Zelan animauko zenduke jentea Arbolapean-era joateko?
Nik esango neuke uda laburra dala eta aprobetxau egin behar dala, etxean sartzen jakun galbana hori kendu behar dogu. Sarri kexatzen gara ez dala ezer egiten, ez dagoala eskaintza nahikorik kulturan, ba, dagoenean aprobetxau egin behar da. Ganera, uztaila momentu aproposa da aire libreko jardueretara joateko eta, bide batez, herriko musikariei bultzadatxua emoten lagunduko dogu.



