Muxikako baserrietako labaderoak ezagutzeko bisita gidatu teatralizatua zapatuan

Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, Muxikak  iragana eta ohiturak gertutik ezagutzeko proposamen erakargarria prestatu dau aurten “Gure Eskuetan” lelopean. Datorren urriaren 24an, zapatuan, bisita gidatu teatralizatua egingo da udalerriko baserrietako labadero tradizionalak ezagutzeko.

Belaunaldiz belaunaldi, labaderoak eta garbitegiak funtsezko guneak izan ziren Muxikako etxeko eta eguneroko bizitzan. Erreka zein iturrien ondoan eraikitako harrizko lauza inklinatuei esker, herriko emakumeak bertan batzen ziren arropa garbitzeko eta albisteak alkarregaz banatzeko. Topaketa hauetan laneko memoria eta belaunaldien arteko jakintza partekatuak berreskuratuko dira.

Topaketa berezi honetan, herriko emakumeek antzeztuko dabe garai batean arropa nola garbitzen zen, garai bateko kontuak eta lanak berriz ere gure begien aurrera ekarriz.

Parte hartu nahi daben herritar eta bisitari guztientzat, urteera goizeko 11:00etan izango da Zubieta-Errotako plazatik (Kurtzero auzoa), eta bertatik autobusean ibilbidea egingo da Ibarruriko eta inguruetako labaderoetatik.

Izen-ematea

Plazak mugatuak direnez, ezinbestekoa da aurretik izena ematea Muxikako Udal Liburutegian. Horretarako, 645 006 663 telefono zenbakira deitu edo liburutegia@muxikakoudala.eus helbidera mezu bat idatzi daiteke.