San Fidel Ikastolak Gernikako Arbolaren kimu bat landatu dau 125. urteurrena ospatzeko

Gernika-Lumoko San Fidel Ikastolak mugarri garrantzitsu eta hunkigarria bizi izan dau joan dan domekan, ikastolaren 125. urteurreneko ospakizunen barruan Gernikako Arbolaren kimu bat landatuz.

Ekitaldi honek erakundeetako ordezkariak, irakasleak, ikasleak eta familiak batu ebazan, hezkuntzearen, komunitatearen eta lurraldearen arteko lotura sendoa erakutsiz. Landaketea Kosnoagara egindako Mendi Martxearen ostean egin zan, eta bertan izan zan Ana Otadui Biteri, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, ikastolako kideakaz eta udal ordezkariakaz batera.

Otaduik nabarmendu ebanez, arbola landatzeak foru erakundearen eta hezkuntza komunitatearen arteko hartu-emona indartzen dau, Gernikako Arbolak “eskubide historikoak, bizikidetzea eta etorkizunarekiko konpromisoa” irudikatzen ditualako, ikastolak bere historia luzean transmititu dituan balore berberak, hain zuzen be. Ekitaldia amaitzeko, arbolaren Benetako Agiria emon eutseen ikastolako arduradunei.

Ekintza simboliko honek esanahi handia dauka San Fidelentzat, euren logotipoa haritz-osto bat dalako, eta “125 urtez loratzen” lemapean diseinatu daben egitarau zabalaren abiapuntua izan da.

Ospakizunak martxoaren 25 honetan bertan jarraituko dabe Korrika Egunagaz; arratsaldeko 17:15etik aurrera, Pasealekua musikaz eta tailerrez beteko da Xaiborren eskutik, 24. Korrikako giroagaz bat eginez. Aste Santuko oporren ostean, apirilaren 17an, barikuan, umeen txandea izango da 16:30etik aurrera, puzgarri, tailer eta diskofesta bategaz.

Azkenik, jai hauen lora nagusia apirilaren 18an, zapatuan, helduko da Ikasle Ohien Bazkariagaz. Eguerdiko 12:00etan hasiko dan topaketa honetara 18 urtetik gorako familia eta kide guztiak dagoz gonbidatuta, eta txartelak eskuragarri dagoz Azules eta Arribaltzan, baita Ikastolan bertan be.

Zuzendaritzatik dei egin deutsie San Fidel familiaren parte izan diran belaunaldi guztiei egun honetan parte hartzeko eta alkarregaz mende bat baino gehiagoko ibilbidea ospatzeko.