Sustabiz Fundazinoa irabazi asmorik bako entidade pribadua da. Gure kirolak eta kultura diran Herri Kirolak, Euskal Pelota eta Arrauna sustatzea eta erabarritzea dau helburu.
Programa horrek aurreko edizinoetan erantzun bikaina izan dau; eta Herri Kirolen, Euskal Pelotaren eta Arraunaren inguruko topaketa parte-hartzaileak atontzen ditu 6 eta 14 urte bitarteko neska-mutileei zuzenduta.
Programak barruan hartzen dau herri-kirolak egitea, parte-hartzaileen edadeari egokitutako materialakaz eta araudiagaz, eta batez be inplikau egiten ditu eskualdeko udalak, ikastetxeak eta familiak. Ganera, goi mailako Herri Kirolariak, arraunlariak eta pelotariak be parte hartzen dabe.
Helburu nagusia Euskal Pelotea, Arrauna eta Herri Kirolak sustatzea da, batez be belaunaldi barrien artean. Hori bai, anbizinoa daukie ikur lez: Busturialdeko herrien arteko kohesinoa, koordinazinoa eta inplikazinoa. Sustabiz Fundazinoak Gernika-Lumon dauka bere egoitza; gazteek euskal kultura eta kirola barruratu dagien laguntzea, jaialdiak Herri Kirolen, Arraunaren eta Euskal Pelotearen bidez gizarte alkargune bihurtzea, ikastetxeetan Herri Kirolaren sustapena bultzatzea eta kirolarien, gurasoen eta ikusleen arteko hartu-emonak sendotzea dira proiektuaren helburuetako batzuk.
Proiektuan laguntzen dauan erakundea, BBK Fundazinoa, helburu horregaz bat dator. Koldo Bilbao BBK Gizarte Ekintzako kultura arduradunak ondokoa nabarmendu dau: “BBK Banku Fundazinoak Herri Kirolak babestu eta gazteak kirol horreetara erakarteagaz bat egiten dau”
Bizkaiko Foru Aldundiaren Kiroletako Zuzendari Nagusiak, Carlos Sergiok, Sustabiz Fundazinoaren lan garrantzitsua azpimarratu dau:” Bizkaiko Foru Aldundiak positibotzat joten dau Sustabiz Fundazinoak egiten dauan lana. Haren inplikazinoari esker, modalidadeak gure gazteen lehen kirol-jarduera bihurtzen dabilz, belaunaldi-erreleboa bermatuz eta denporan irauteko oinarriak ezarriz. Geure kirol-ondarea jagoteko eta sustatzeko aparteko eredua”.
Joseba Etxebarria Sustabiz Fundazinoko zuzendariak ondokoa nabarmendu dau: “Sustabiz Fundazinoaren ibilbidearen hirugarren urtea da eta aurrikuspenak % 100ean beteten gabilz. Sustabiz Fundazinoa lan handia egiten dabil, Europako AEJeST Kirol Tradizinonalen Europako Alkartean sartuta. Berton, Europako 17 herrialdetako federazinoak, fundazinoak eta alkarteak dagoz. AEJeSTko kide izatea harro egoteko modukoa da, izan be, guretzako Europa mailako beste alkarte batzukaz hartu-emonetan egotea da eta sustapen, ikerketa eta Erasmus+ proiektuak martxan jarteko aukerea be emoten deusku. Maila horretako lankidetzak esperientzia, ikaskuntza-prozesua eta beste maila bateko hartu-emonak ekarriko deutsoz Fundazinoari.
Jesus Manuel Madariaga Sustabiz Fundazinoko presidenteak, barriz, ondokoa nabarmendu dau: “Garrantzitsuak izan dira Busturialdeko udalakaz egindako aliantzak. Lau urterako hitzarmenak dira, Urdaibai Gure Kirolak Sustatzen proiektuaren barruan Herri Kirolak, Euskal Pelota eta Arrauna sustatzeko. Sustabiz Fundazinoak benetan eskertzen deutse proiektu horretan laguntzen deuskuen udalei eta eragile publiko eta pribadu guztiei. Konpromisoa guztiona da gure kirolen sustapenaren alde lan egiteko.
Sustabiz Fundazinoaren proiektu globalaren helburuen artean, azpimarratzekoa da euskal gizartea kohesionetea eta koordinetea aitatuako kirolak sustatzeko, batez be gazteenen artean.
Entrenamendu zentro barria
Sustabizen entrenamenduak Gernika-Lumoko Santanape Kiroldegian egiten dira. Herri kiroletarako egokitutako gela daukie. Entrenau gura daben erabiltzaileek 35,5 euroko kuota ordaindu behar dabe hilero. Kuota horrek Herri Kirolen entrenamendu personalizaua (asteburuetako jardunaldien atonketea) eta Herri Kirolen zentroko fitness gunerako sarrera mugabakoa barruan hartzen ditu.
Arkupe Sustabiz Kirol Alkarteagaz, kide izan barik, astean egun bitan entrenamendu personalizaua egiteko aukera dago, hilean 45,5 euroko kuotagaz (erreserbau egin behar da info@sustabiz.eus helbidean). Ganera, Herri Kirolen eskaintza Gernika-Lumoko Udal Kirol Patronatuaren kirol-eskaintzaren barruan dago.
Toki horretatik oso hur, entrenamendurako beste gune bat be jarri da: Gernikako Institutuaren instalazinoetan. Sustabiz Fundazinoak hitzarmena sinatu dau Gernikako Institutuagaz, herri kirolak heziketa-ziklo bietako (DBH eta Batxilergoa) ikasleen gorputz-hezkuntzan txertatzeko.
2024an, Sustabizek euskal kirol tradizionala sustatzeko egin dauan lan praktikoaren eta kudeaketaren ondorioz, lankidetza-hitzarmena sinatu da Deustuko Unibersidadeagaz (Bilbo), Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Graduko (JFKZG) ikasleen artean egitasmoa prestau eta sustatzeko.
Entrenamendu pertsonalizaua
Ganera, Sustabiz Fundazinoak lankidetza-hitzarmena sinatu dau Baiegene enpreseagaz (kalidadezko entrenamendumendu personalizaua eta hainbat zerbitzu lantzen dauan enpresa). Akordio horren bidez, Arkupe Sustabiz Kirol Alkarteko kideek, Herri Kiroletako eta esku pelotako diziplinetako entrenamenduez gan, entrenamendu fisikoa izateko aukera izango dabe. Horretarako, fitnesserako berariazko material eta aparatuekaz osotu da zentroa
Jardunaldi parte-hartzaileak
Maiatzaren 18an eta 25ean izan ziran lehen jardunaldi parte-hartzaileak, Ajangiz eta Gautegiz Arteagan hurrenez hurren. Ajangizen, ondoko ekitaldi honeek atondu ziran: umeentzako jardunaldi parte-hartzaileak (Herri Kirolak eta Arrauna); eta, Herri Kirol erakustaldia (Gari Mendiguren, Leire Olea, Zihara Zabala eta Leire Astoreka). Horreezaz gan, kirolari konbidaua Karmele Gisasola aizkolaria izan zan.
Egitaraua
● Bagilak 6: Muxika.
● Bagilak 7: Sukarrieta.
● Bagilak 21: Gernika-Lumo eta Busturia.
● Bagilak 28: Elantxobe.
● Garagarrilak 6: Mundaka.
● Garagarrilak 26: Kortezubi.
● Irailak 6: Murueta.
● Irailak 7: Nabarniz.
● Irailak 21: Gernika-Lumo.
● Irailak 28: Mendata.
● Urriak 4: Ereño.
● Zemendiak 8: Forua.
Sustabiz Fundazinoa
Sustabiz Fundazinoa irabazi asmorik bako entidade pribaua da. Gure kirolak eta kulturea diran Herri Kirolak, Euskal Pelota eta Arrauna sustatzean eta erabarritzean dau ardatza.
Ondoko honeek dira fundazinoaren helburuak: Urdaibaiko herrietako taldeen artean Euskal Pelota, Arrauna eta Herri Kirolak sustatzea; Gazteengan, euskal kulturaren eta kirolaren arteko eta inguruko talde, auzo eta herriekaz hartu-emonak barneratzea eta egonkortzea; eta, egitasmoaren bitartez jaialdiak topaleku sozial bihurtzea.
Hori bai, helburu horreek zehazteko premia be izan dabe; Urdaibaiko 20 udalerriren artean koordinazino lana egituratu eta egonkortzea; euskal kirolean emakumeen parte-hartzea sustatzea; Herri Kirolen, Arraunaren eta Euskal Pelotaren modalidadeen ezaugarriak eta jatorria ezagutzera emotea; Euskal Pelota klubak egonkortzea; Herri Kirol Klubak sortu eta egonkortzea; Herri Kirol instalazinoa sortzea Urdaibai mailan; eta, Gernikaldean arrauna sustatu eta egonkortzea.
Halanda ze, ondokoa adierazo dabe fundazinokoek: “Proiektuen sorkuntzan, aholkularitzan, analisian eta sustapen lanean oinarritzen dira gure konpetentziak. Tresna horreen bitartez, gure kirolei baldintza hobeak eskaini eta gaur egungo eta etorkizuneko egoerak hobetzeko helburuagaz gagoz lanean. Talde baten parte sentiduko zara.”
Ondokoko honek dira laguntzaile nagusiak: Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federankudea, Baigene, Bizkaiko Foru Aldundia, BBK, AEJeST, Ajangizko Udala, Arratzuko Udala, Busturiko Udala, Ereñoko Udala, Errigoitiko Udala, Foruko Udala, Gautegiz Arteagako Udala, Ibarrangeluko Udala, Gernika-Lumoko Udala, Kortezubiko Udala, Mendatako Udala, Muruetako Udala, Nabarnizko Udala, Nueva Europa eta Juan Carlos Soto del Castillo abokatua.
Honeek, barriz, babesleak: Ansio SL, Adaba, Bodega Berroja, Ese Urdaibai, Itsas Mendi, Gernika Garbiketak, Gonzalez Dekorazioa eta Arue.





