Sustabiz Fundazioak herri kirolak eta pilota indartuko dauz Busturialdean

Sustabiz Fundazioak, BBK Fundazioaren babes eta bidelaguntza estrategikoagaz, herri kirolen, euskal pilotaren eta arraunaren garapena sendotzeko apustu sendoa egin dau 2026. urte honetan, bere jarduera Bizkaiko lurraldean zabalduz eta Europako proiektu barrietara salto eginez. Ekimen nagusien artean “Gure Kirolak Sustatzen” programa nabarmentzen da, Busturialdea-Urdaibai eskualdeko, Ondarroako eta Markina-Xemeingo hogei udalerritako 6 eta 14 urte bitarteko umeei zuzendutakoa. Egitasmo honek topaketa parte-hartzaileak antolatzen dauz, udalen, ikastetxeen eta familien inplikazioagaz, eta bertan kirolari ezagunek be parte hartzen dabe belaunaldi barriak gure kirol tradizionaletara hurbiltzeko.

Eskualdeko herrietako hedapenari dagokionez, Ondarroan herri kirolak sustatzeko programa espezifiko bat garatu da Zubi Zahar Ikastolan eta Zaldupe Eskolan egindako jardunaldien bitartez, eta herriko Aurrera elkartearen jaian amaiera ireki bat emango zaio. Eskaintza honek uztailaren 19an izango dau jarraipena Markina-Xemeinen, parte-hartze jardunaldi eta erakustaldi barri bategaz. Inklusioaren aldetik, Sustabiz Fundazioak lankidetza barria abiatu dau Haszten erakundeagaz, desgaitasuna daukaten pertsonen gizarteratzea kirolaren bidez sustatzeko, eta horri esker herri kirol egokituak bultzatuko dituzte Busturialdea-Urdaibai eta Lea-Artibai eskualdeetan. Hezkuntza arloan be, Gernika-Lumoko Seber Altube eta Allende Salazar ikastetxeetan eskolaz kanpoko jardueren eskaintzagaz jarraituko dabe.

Lurraldeko hazkundeaz gain, fundazioak nazioarteko proiekzioan aurrera egiteko konpromisoa hartu dau, eta gaur egun Erasmus+ “Big Events Gender Equity” programaren barruko hautagaitza bat prestatzen dabil hainbat erakundegaz batera. Bizkaiko Herri Kirol Federazioagaz alkarlanean, emakumezkoen kategoriarik ez daukaten diziplinetan araudi zehatzak garatzea eta emakumeen presentzia gobernantza organoetan zein kirol-praktikan handitzea da helburu nagusia. Azkenik, herri kirolen modernizazio eta profesionalizazio bidean, Bilboko kirol-eskaintzan integratzea lortu dabe Txurdinagako kiroldegian kokatuta dagoen Bilboko Txirrika Herri Kirol Klubaren bitartez, gure ondare kulturalaren etorkizuna eta jarraipena bermatzeko espazio egonkor gisa.