Bultzada barria euki dau Busturialdeko enpresa-sareak. U-BAI Faktoriak eta Bilboko BAT B Accelerator Towerrek lankidetza-akordioa sinatu dabe, Urdaibaiko industria-ehuna eta nazioarteko startup-en ekosistema indarrez konektatzeko asmoz. Ekitaldian izan dira Ibon Miranda, U-BAI Faktoriako presidentea, eta Eriz Sainz, BATeko zuzendaria.
Akordio honi esker, bi norabideko zubia eregiko da: alde batetik, BATeko teknologia eta negozio-eredu barriak Urdaibaiko enpresa erreferenteetara gerturatuko dira; bestetik, kanpoko proiektu zein startup berritzaileek Busturialdeko enpresa traktoreen esperientzia eta babesa euki bultzatzaile modura.
Ibon Miranda U-BAI Faktoriako presidenteak argi adierazi dau lotura honen garrantzia: “Urdaibain talentua, gaitasun traktorea duten enpresak eta industria-jakintza handia daukagu, baina lurraldetik kanpo gertatzen ari denarekin konektatuta egotea ere beharrezkoa da. Akordio honek bide horretan urrats bat egiteko eta eskualdera begirada zein gaitasun berriak hurbiltzeko aukera ematen digu”.
U-BAI Faktoria (Albacora, Artike Investments, Ebaki, Echebastar, Egoin eta Maier enpresek osatua) eskualdean jarduera ekonomikoa, enplegua eta aberastasuna sortzeko ekimena da, eta lankidetza honegaz bere ingurune ekintzailea nazioarteko aukeretara zabaldu dau.



