Urdaibaiko hegaztien oihartzuna Donostiako Belodromora zabalduko da Zinemaldian

Urdaibai Bird Centerrek parte-hartze berezia edukiko dau Donostiako Zinemaldiaren ‘Ikastetxeak Belodromora’ ekimenean. Irailaren 18tik 25era bitartean, Gipuzkoako 80 ikastetxetako 13.000 ikasle inguruk natura, zientzia eta zinema uztartuko dabez gure biosferako ornitologoen eskutik.

Zinemaren handitasunak eta gure naturaren altxorrek bat egingo dabe aurten Gipuzkoako hiriburuan. Migrazioa, bidaia ahatezina (Migration, 2023) filma oinarri hartuta, Europatik Afrikara doazen hegaztien igarobide zoragarria ezagutzeko aukera edukiko dabe 6 eta 11 urte bitarteko umeek.

Bidaia horretan, Busturialdeko hegaztien behatokiak zeregin paregabea beteko dau. Urdaibai Bird Centerreko biologo eta ornitologoa den Edorta Unamunok saioetan parte hartuko dau, gure paduretan eta ingurune babestuetan egiten den ikerketa eta jarraipen zientifikoa bertatik bertara azalduz.

Horregaz batera, Ugaitz Alegria aurkezlea eta EHUko Robotika taldearen Pepper robota ere egongo dira taula gainean, dibulgazioa, teknologia eta ikuskizuna elkartuz. Belodromoa ikaskuntza gune erraldoi bihurtuko da, Urdaibai berriro be hezkuntzaren eta kontserbazinoaren erreferente nagusi gisa kokatuz.