Urdaibairen suntsiketan oinarritutako nobelea da La Maleta de Urdaibai.

“La Maleta de Urdaibai” izeneko eleberri distopikoa argitaratu barri dau Txema Garcia kazetari eta idazleak. Liburua 2036. urtean dago testuinguratuta, Guggenheim Museoa jadanik eraikita irudikatuz.

Zerk bultzatu zaitu nobela hau idaztera?

Hainbat arrazoiri erantzuten deutso liburu honek, baina nagusia bat da: gure ingurumen ondarea, gure hizkuntzea eta gure kulturea babestea. Hori bakarrik ez, gure errealidadearen inguruko hausnarketa kolektiboko prozesu bat pizteko ahalegina dago. Hor sartzen dira turistifikazino intentsiboa, hirien gentrifikazioa, lan-prekariedadea, etxebizitzarekiko espekulazinoa eta abar. Azken bi urteetan Urdaibain ezarri nahi daben proiektu ekozida hau salatzen daben iritzi-artikuluak idazten ibili naz; oraingoan ordea, nahiago izan dot fokoa zabaldu eta gaia literaturaren bidez hedatu, fikzinoa eta errealidadea batuz.

Kontakizuna 2036. urtean testuiguratuta dago, Bilbon eta Urdaibain, batez be. Zergatik?

Seguru asko pasauko danari aurrea hartzeko modu bat dala uste dot, edo, hobeto esanda, pasetan dabilenari aurrea hartzeko modu bat. Distopia bat bizi dogu, mundu aberrante bat, Israelgo estatu sionista herri palestinarraren aurka egiten ari dan genozidioa onartzeko gai dana. Palestinan pasetan dabilela eta Urdaibain museoagaz egingo dabena alderatu ezin diren arren, biak dira kolonialismoaren forma berrituaren adibide garbiak.

Modu horretan, Gaza kolonialismo militar eta etniko baten biktimea dan bitartean, non Israelek apartheid erregimena, garbiketa demografikoa eta lurraldearen erabateko kontrola inponiduten dabezan; Urdaibaik, bere aldetik, kolonialismo turistiko eta kulturala pairatzeko bidea daroa, kapitalak lurraldea baliabide ustiagarritzat hartzea inponiduten dauana, tokiko nortasunak eta jakintza komunitarioak ezabatuz.

Nobela bat idatzi dozu, Guggenheim daborduko eraikita daukan Urdaibai deskribiduten dauana. Egingo dala uste dozu? Posible ikusten dozu erakundeek herriari entzutea?

Erakundeek, oro har, hemengoek barne, ez dabe herritarrei entzuteko ezelango ohiturarik. Nahi dabena egiteko legitimauta sentiduten dira. Horrela hasi zan hau guztia. Sukarrietan eraikiko ebela esan euskuen lehenengo, eta Murueta-Gernikan gero. Hamazazpi urte dira gai honegaz, eta instituzinoen itsukeriaren munduko errekorra ezartzeko bidean dagoz, herritarren gehiengoa baztertzen duen proiektu batean. Ia bi hamarkada daroaz honi buruz berba egiten, diru publikoa gastetan, eta oraindik ez dira gai izan proiektu bat aurkezteko. Hau da, hori ez da batere serioa, eta dana bi hitzetan laburbiltzen da: gaitasun eza eta inposizinoa.

Entzute prozesua aitatu dozu. Zertarako balioko dau?

Prozesu hori ez da oso ondo ulertzen. Zertarako egiten dabe? Erakundeek ez eben herritarren ezezko erantzun eta mubimendurik espero, eta sorpresa horren aurrean mobitzen dabilz. “Bai edo Bai” egingo dala errepetidu dabe behin eta barriz. Orain, ziaboga emoten ari direla dirudi, baina euren adierazpenak hain dira lausoak, ze ideia pasetan ete jake burutik. Nik neuk uste dot Muruetako aukera Ontziola inguruan baztertuta dagoela, “bide berdea” eta egin nahi zuten palafito aberrantea barne; nahiz eta udalerri horretako goiko aldera eroatea erabaki zeikien, eta han higiezinen espekulazinoak leku hobea izango leuke. Gauzak holan, Gernika-Lumoko aukera proposamen penagarri baten azken kartutxoa izan liteke.

Idazlea izateaz gain, pertsona aktiboa zara politikoki. Zergatik agertzen zara makroproiektuaren kontra eta zelan burrukatzen dozu haren kontra?

Ez dot bizitza ulertzen inplikazino sozial, politiko, kultural eta abarrik barik. Mundu honetan pasetan dan guztia danoi jagoku. Megaproiektu horrek eta beste batzuek (Getxoko ibai azpikoak, errepideetako saihesbideak, ustezko desarrollismo “berdea”…) pertsonen bizitza mehatxatzen dabe, eta gelditzen ez badoguz, gure ondorengoek ordainduko dabe. Museo-proposamen honek irregulartasunen zerrenda luzea dauk, besteak beste: 1) Ez dabe proposamen ofizialik aurkeztu. 2) Ez deutso erantzuten Euskadiko kultura-munduaren benetako eskariari. 3) Ez da proiektu kulturala, turistikoa baizik. 4) Proiektu honetan kulturak funtzino instrumental hutsa dauka. 5) Urdaibaik ez dau museo frankiziaurik behar, garapen integral eta iraunkorra baizik. 6) Gastuak (hasierako 140 milioi euro) ezin dira onartu, eta, gainera, beste lehentasun asko be ez dira kontuan hartu. 7) Biosferaren Erreserban gero eta biodibersidade gitxiago izateak eragin itzela izango leuke. 8) Eraiki nahi diren lurrak, gainera, Biosfera Erreserbaren erdigunean dagoz. 9) Proiektu honek higiezinen espekulazinoko eragiketa handi bat tapetako arrasto guztiak ditu. 10) Hori egin ezkero, kanpoko kultura-mendekotasun handiagoa sortuko dau.

Liburuan sartu aurretik, zure ustez, zeintzuk dira museoak Urdaibain izango leukezan ondorioak?

Tamalgarriak. Edo ez dogu ikusten zer pasetan dabilen mundu zabalean? Museo-proiektu horrek, beste arazo askoren artean, Biosferaren Erreserbari erasoko leikion masifikazino turistikoa ekarriko luke. Eskualdeko bizi-baldintzei (etxebizitza, zaintza, osasuna, kultura-nortasunaren galera…) jagokenez, egungo arazoak areagotuko lituzke eta euskal arteak mendekotasun handiagoa jasango luke, Ipar Amerikako metropoliaren frankizia-eginkizunaren mende.

Liburuari jagokonez, Irati da protagonista. Museoko bekaduna da bera. Zein da protagonistaren egoera?

Berak erabaki behar dau metropoli horren aginduak betetzen dituen ala ez. Jokoan dago bere etorkizun profesionala, baina, aldi berean, bere nortasunaren eta bere lurraren defentsa. Sei hilabetez bekadun gisa, desjabetze baten historia ezagutuko dau, kultura elitistaz estalitako engainu batena.

Zein ardatz narratibotan oinarritu dozu nobela? Errealidadearen antza dute?

Liburu honek hainbat gai gordetzen ditu bere barnean. Hemen zerrenda bat: artearen eta boterearen arteko harremana; memoria eta desmemoria; gazteen prekariedadea; intimoa dena politikari gisa; hizkuntza lubaki gisa; feminismoa egunerokotasunean; estetika versus etika; matxinada poetikoa; euskal identidade garaikidea; belaunaldien arteko herentzia; kapitalismo kulturala eta artearen domestikazinoa; ekintza sinbolikoa esku-hartze politikorako modu gisa, etab.

Irati, protagonista nagusia, sei hilabetez Gernika-Lumon museorako lan egiten dauan bekaduna da. Zer eritxi daukazu bekadunen kontratazinoari buruz?

Negargarria. Oro har, ez dira euren prestakuntzarako kontratetan, enpresek kostuak aurrezteko baizik. Gazteak, gure seme-alabak, kapitalismo gero eta basatiago honen egituren morroi barriak dira.

Kazetari bati be emoten deutsazu protagonismoa. Zer garrantzi dauka prentsak Guggenheim Urdaibairen arazoan?

Funtsezkoa, eritxi publikoa osatzen dauana dalako. Museoaren kasuan, erakundeak komunikabideak erabiltzen dabilz euren eritxia eta errealidadea sinestarazteko. Hau da, inogaz adostu ez dan proiektu bat inposatzeko, are gitxiago kulturaren sektoreagaz. Halanda, be herritarren oposizioa (Guggenheim Urdaibai STOP plataformaren, Zain Dezagun Urdaibai lako beste kolektibo batzuen eta era askotako alkarte eta talde askoren inguruan oinarritua) oso gatxa egiten ari da proiektua egia bihurtzea. Burruka bere emoitzak izaten dabil.

Zelan lotzen dituzu fikzinoa eta kronikea liburuan?

Hori da literaturak kazetaritzagaz alderatuta daukan abantaila nagusia. Eleberri distopikoa danez, politikak inponiduten deuskun esparru mentaletik urteten diren beste aukera batzuk imajinetako lizentzia hartzen dot. Urdaibai ez da ingurune mehatxatu bat bakarrik: gaur egungo mundua galtzeko prest dagoenaren espilua da. Horregatik, eleberri honek ekozidioaren kontrako matxinada poetikoa izan nahi dau.

Nabarmendu nahi dozun beste gairen bat?

Bai, bai editoreak (IPES Elkarteak), bai Iñaki Aurrekoetxeak (euskaraz argitaratuko dan edizinoaren itzultzaileak) eta nik neuk eskuzabaltasunez lan egin dogu gaztelaniazko lehen edizino honen onura guztiak kausa on bati eskaintzeko: Gernika-Palestina herri ekimenari, Israelgo estatu sionistaren genozidio krudelari aurre egiten deutson palestinar herriaren aldeko ekintzak bultzatzen dituena.