Herriko itsas-ondarea, folklorea eta gaur egungo musika sortzaileen talentua uztartzeko helburuagaz jaio da gaur hasten dan Xixili Festibala . Urriaren 2an eta 3an herriko Kanposantuko Lautadan batuko dira milaka zale, Kantauri itsasoa eta Urdaibai aurrez aurre daukiezela.
Jaialdiaren izenak Bermeoko ikono bati egiten dio keinu: 1980an José Luis Butronek Lamerapuntako muturrean jarritako Xixili lamiari. Mitologiak dinoen legez, Lamiaran inguruko lamiak eskuzabalak dira errespetatzen dabezenekin, baina gogorrak min egiten dautsienekin. Tarte horretan kokatzen da jaialdiaren espiritua: lurraldeari, kulturari zein bisitariari leial izateko bokazioagaz dator.
Hiru gune eta euskal musika eszenako punta-puntako izenak
Xixili Festibalak bi agertoki nagusi izango daukaz, baina hiru gune ezberdin sortuko dira soinu eta giro bakoitzari harrera egiteko. Alde batetik, Kresala Gunea egongo da: eremu irekian kokatuta, doako sarbidea izango du eta eguneko egitaraua hartuko du arratsaldeko 17:00ak arte (azoka, foodtruck-ak eta tokiko musika).
Bestetik, eremu ordainduaren barruan kokatuko den bigarren agertokia eraldatuz joango da orduen arabera: Itsas Soinua Gunea taldeen zuzeneko kontzertuetarako, eta Elektronikoa Gunea gauerditik aurrera DJ-en saioetarako.
Kartelean euskal eszenako izen nagusiak eta talentu emergentea nahastuko dira. Tartean izango dira Iseo & Dodosound bikote nafarra, Belako bizkaitarrak, Neomak lau kidea, Olatz Salvador, Bengo, Supercremalleras gernikarrak eta Ben Yart. Horiez gain, herriko harrobia ere agertokira igoko da: Etxekalte bermeotarrek udazkenean argitaratuko duten bigarren diskoko kantu berriak erakutsiko dituzte, eta Paul Larrozea Zuazo herritarrak DJ saioa eskainiko du.
EGITARAUA ETA ORDUTEGIAK
URRIAK 2, EGUZTENA
-
18:00 Supercremalleras
-
19:30 Bengo
-
21:00 Ben Yart
-
23:00 Belako
-
01:00 Kilian Millares
-
02:30 Desaint
-
04:30 Cesar Magan
URRIAK 3, BARIKUA
-
17:00 Etxekalte
-
18:30 Olatz Salvador
-
20:30 Neomak
-
22:00 Aimarz
-
23:30 Iseo & Dodosound
-
01:30 Ke Lepo & Felix Buff
-
02:30 Oibaf
-
04:30 Paul Larrozea
Sarrerak eskuragarri daude dagoeneko webgune ofizialean.



